Oihan Ataun Rojo*
LABen Esku-hartze Sozialeko arduraduna Nafarroan
KOLABORAZIOA

Aurrekontuak, esku-hartze sozialeko hitzarmena eta erakundeen erantzukizuna

Iazko apirilean esku-hartze sozialeko hitzarmena negoziatzeko mahaia ireki zenetik, ugariak izan dira sektoreko hitzarmenaren alde egindako ekimenak eta jasotako elkartasun mezuak. Patronalarekin egindako negoziazio bilerez gain, Gobernuarekin, Parlamentuko lehendakariarekin eta Parlamentuko taldeekin ere bildu gara. Halaber, sektorearen egoera jasanezinaren berri eman dugu Parlamentuko Gizarte Eskubideen Batzordearen lan saioan.

Irailetik hona egin dugun aldarrikapena argia izan da: behar-beharrezkoa da hitzarmenean negoziatzen ditugun hobekuntzak inplementatzeko behar adinako aurrekontu-zuzkidura. Azken urteotan pribatizatu diren gizarte zerbitzuen arduradunak Administrazio Publikoak dira (udalak eta, batez ere, Nafarroako Gobernua), eta, hortaz, ezin dute beste alde batera begiratu plantillen lan-baldintzak hobetzeaz ari garelarik.

Horri dagokionez, berriki, itxuraz kontraesankorrak diren albisteak argitaratu dira prentsan. Alde batetik, ikusten dugu Gizarte Eskubideen Batzordean dauden talde parlamentario guztiek (Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal dugu eta I-E) aho batez eskatu diotela Gobernuari behar adinako aurrekontu-partidak onar ditzala esku-hartze sozialeko hitzarmenari aurre egiteko. Era berean, eskatu zen, behin hitzarmena argitaratuta, lizitazioak ekonomikoki egunera daitezela araudi berrira egokitzeko; eta puntu honetan, PSN eta Geroa Bai abstenitu ziren. Ulertezina!

Bestalde, ikusten dugu nola, hitz politetatik ekintzetara pasatu behar denean, Parlamentuan dauden alderdiek muzin egiten dietela gure eskakizunei. Ez omen dago dirurik, beti bezala. EH Bilduk aurkeztutako zuzenketen ondoren, 500.000 euro lortu dira hitzarmenerako. Abiapuntu hori behar-beharrezkoa da, baina ez da nahikoa, argi eta garbi.

Badakigu ez patronalak, ez Gobernuak ez digutela ezer oparituko. Nafarroako Gobernuak Parlamentuaren aginduari kasurik egiten ez badio, aurrean izango gaitu. Negoziazio mahaian gure aldarrikapena argia da: hitzarmena sinatu eta berehala inplementatu behar da. Horretarako, Nafarroako Gobernuak behar diren aurrekontu-partidak bermatu beharko ditu, beharrezkoa izan denean beste egoera batzuetan egin duen bezala.

Prekaritate gehiagorik ez! Nahikoa da gure sektoreko langileez abusatzeaz! Prest gaude. Denbora daramagu antolatuta. Gero eta gehiago gara. Lan eta bizitza duina izateko eskubidea dugu.

Bukatzeko, dei bat egin nahi diegu sektoreko bi mila langileei: animatzen zaituztegu hitzarmen honen inguruan Gobernuak duen konpromiso falta kezkagarria salatzeko antolatuko ditugun ekimenekin bat egitera eta horietan parte hartzera. Izan ere, langileen antolaketaren eta borrokaren bidez bakarrik lortuko ditugu gure legezko eskakizunak.

*Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmenaren LABeko talde motorraren izenean eta Esku-hartze Sozialeko 295 langileren izenean.