GARA

«ZUHURTZIA FALTAK» ERAGINDAKO ALBO KALTE METATUEN KONTAKIZUNA, ETXETIK

EZ DA HAU KORONABIRUSA ATZEMAN DIOTEN PERTSONA BATEN KONTAKIZUNA, KORONABIRUSA DAUKAN GAIXO BATEKIN KONTAKTUAN EGON DEN PERTSONAREKIN KONTAKTUA IZAN DUENARENA BAIZIK. TARTEAN, USTEZKO AKATS MEDIKO BAT, MINBIZIA, ETA NOLA JAR DEZAKEEN GAIXOTASUN HONEK ZENBAIT FAMILIAREN EGUNEROKOTASUNA HANKAZ GORA. KORAPILATSUEGIA.

Hasieratik hasiko gara: Isabelek (asmatutako izenak erabiliko dira kontakizun osoan), pasa den ostiralean esan zidan bere osaba Donostiako Ospitalean ingresatu zutela, plaketarik eta defentsarik gabe, 78 urterekin. Egoera ez da erraza Isabelen familiarentzat. Isabelek berak ere minbizia igaro berri du, eta asteartean ospitalera eraman nuen, kotxez, bere osaba bisitatu zezan. Neurriak hartu zituen, eskuak garbitu, maskara jantzi; jakinda Isabel gaixo zaurgarrien kategoria horretan sartuko litzatekeela… Badaezpada.

Astearte arratsaldea Isabelekin eta bere lagun batekin pasa nuen, ospitaletik bueltan; prebentziozko neurriak hartu gabe. Bi arrazoi zeuden, gainera, besarkadak konpartitzeko. Batetik, osabak minbizia daukala eta, bestetik, Isabelek minbizia gainditu berri duela.

Atzera eginda, larunbatean gizon bat ingresatu zuten Donostiako Ospitalean, Isabelen osabaren gela berean, ustezko pneumonia batekin. Hurrengo asteazkenean Isabelen dei bat jaso nuen, esanez gizon horrek positibo eman zuela Covid-19aren proban eta, ondorioz, osabak ere izan zezakeela, Isabelek berak ere bai, bere lagunak, nik, eta Isabelekin harremana izan dutenek.

Ingresatu eta lau egun igaro arte medikuek ez zioten Covid-19aren proba egin eta, bitartean, Isabel eta bere osaba kutsatzeko arriskuan izan ziren, biak gaixo zaurgarriak izanik. Ospitaleak ez zuen neurririk hartu harik eta lau egunen buruan proba egin eta positibo eman zuen arte. Orduan isolatu zuten. «Beranduegi», Isabelen ustez.

Asteazken gauean Osakidetzak kasu hauetarako jarri duen telefonora deitu zuen Isabelek. Bi ordu zain eta erantzunik ez. Tarte horretan, medikuak gomendatu zion 112ra deitzeko, eta bertatik esan zioten telefono bidezko jarraipen berezia egingo diotela, baina probarik ez diotela egingo sintomarik garatu ezean.

Hala, inork ez du sintomarik momentuz, baina ostegun goizean lanera deitu nuen egoera kontatzeko eta esan zidaten badaezpada etxean geratzeko. Egun horretan bertan, Isabeli jakinarazi zioten bere osabak ere positibo eman zuela koronabirusaren proban. Isolatu egin zuten, eta familiari bisitak galarazi.

Ospitalean kexa jarrita

Osabak koronabirusa duela jakitean Donostiako Ospitalera joan zen Isabel, bertan kexa bat jartzera. Izan ere, ospitaleak katea hasieratik eten izan balu, bere osabak ez zukeen gaixotasuna garatuko eta Isabelek ere ez zukeen, printzipioz, arriskurik izango. GARAren bitartez, gainera, familiak publikoki salatu nahi du ospitaleko zuhurtzia falta. «Nola sartu eztul, sukar eta arnasketa zailtasunekin ingresatutako gaixo bat plaketa eta defentsarik gabe dagoen beste baten ondoan?».