Amaia U. LASAGABASTER

OSASUNA BAINO DOMINA HOBERIK EZ DAGO

Hilabeteak eta, hainbat kasutan, urteak eman dituzte mundu osoko milaka kirolarik Tokioko Jokoak prestatzen. Halere, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak erabakitako atzerapena txalotu egin dute, osasuna eta atleten aukera berdintasuna bermatzen baititu.

Aurtengo uztailaren 22a. Zenbat egutegitan ez zen egongo gorriz markaturtik data hori, Tokioko Olinpiar Jokoak (historiako 23. edizioa) egun horretan hasiko zirela jakin zenetik. Hilabeteak eta, hainbat kasutan, urteak eman dituzte milaka pertsonak antolakuntza lanetan, ametsetako bidaia planifikatzen eta, batez ere, kirolari gehienek bizitzan duten helburu handiena prestatzen. Horren guztiaren gainetik pasatu da koronabirusaren pandemia eta beste urtebete itxaron beharko du Japoniako hiriburuak su olinpikoa hartzeko, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak hitzordua atzeratzea erabaki ondoren. Hainbat arlotan eragina izango du erabakiak, baina aho batez txalotua izan da. Izan ere, federazio eta atleta askok, gehienek seguruenik, azken asteotan plazaratutako eskaerei erantzun besterik ez du egin NOBk. Jokoetarako txartela duten edo bidean dauden hainbat kirolarirekin hitz egin du GARAk eta adostasuna erabatekoa da. Hitzordua atzeratzea da osasuna eta atleten aukera berdintasuna bermatzeko neurri egokiena.

Nerea Pena

Osasuna bermatu

Eskubaloi jokalari iruindarrak ez dauka inolako zalantzarik. «Oso pozik nago atzerapenarekin. Alde batetik, osasuna garrantzitsuena delako, kaleko jendearena, zaleena eta kirolari eta teknikoena. Eta atzerapenak denbora ematen digu egoera hobetzeko. Eta, bestetik, kirolariok antzeko aukerak izango ditugulako gure prestakuntzan lan egiteko. Azkenean egoera oso desberdinak daude».

Atzerapenak hainbat buruhauste ekarriko duela onartzen du Penak. Hain zuzen, martxoan bertan egin beharreko olinpiada aurrekoa ere bertan behera geratu zen. «Egutegia hitzorduz beteta dago, lehiaketa asko dago diziplina guztietan baina moldatu beharko gara». Kirolari beteranoenak ere gogoan ditut –gaineratu du– , seguruenik asko egongo direlako Jokoetan parte hartu eta gero erretiroa hartzeko asmoa zutenak. Eurengan pentsatzen, gustatuko litzaidake larregi ez atzeratzea. Baina betiere kontuan hartuta garrantzitsuena osasuna dela».

iñigo peña

Bidezkoena

Atzerapena «erabakirik onena da», zumaiarraren ustetan ere. «Batez ere, une honetan ezin delako bidaiatu edo etxetik kanpo egon osasun baldintza minimo batzuk ziurtatuz. Baita ere kirolari guztiek ez ditugulako baldintza berdinak lan egiteko», adierazi du.

Kirol batzuetan, gainera, desberdintasun horien eragina handiagoa da. Piraguismoan, adibidez. «Herrialde batzuetan ez daude konfinatuta. Beste batzuetan bai, baina kirolariek entrenatzeko baimena daukate; Italian, adibidez. Guk, berriz, ez daukagu aukera hori eta etxean lan egin dezakegun arren, ura falta zaigu. Eta ur kiroletan konexio hori oso garrantzitsua da, ezinbestekoa».

Prestakuntza nolabait aldatu beharko badu ere, Peñak ez du uste inolako kalterik egingo diola atzerapenak. Ezta mentalki ere, Riotik bueltatu zenetik bere helburu nagusia Tokion lehiatzea izan den arren. «Lau urte ematen dituzu Jokoetan pentsatzen. Seguruenik orain dela bi hilabete 2021era arte itxaron beharko genuela esanez gero, kolpe latza izango zatekeen. Baina azken asteotan pasa dena pasatuta, egungo egoera ikusita..., nahiago dut, pozik nago. Urtebete gehiago edukiko dugu prestatzeko eta gogo gehiagoz joango gara».

Ane Santesteban

Ez da festetarako unea

«Baiezkoa edo ezezkoa, baina erabaki bat hartu behar zen, jendea ezin delako azken unera arte zain egon bidaiatuko duen jakiteko, zer baldintzatan...», uste du txirrindulariak. Azkenean hartutako erabakia «egokiena da. Zaila egiten zaigu kirolarioi, lau urtean zain egon garelako, baina mundua nola dagoen ikusi besterik ez dago. Zenbat gaixo, zenbat hildako... Ez da inolako festarik egiteko unea».

Argi dago atzerapenak egutegiak irauliko dituela, «baina aurretik ere nahiko hankaz gora daude. Une honetan ez dago ez entrenatzeko aukerarik, ezta lasterketarik ere. Ez dakigu denboraldia noiz berrasiko den, noiz amaituko den... Horrela etorri da eta moldatu beharko gara. Azkenean aurtengo planifikazioa datorren urtera pasatuko dugu».

Odei Jainaga

Hiru arrazoi nagusi

«Hiru arrazoi nagusirengatik, erabaki zuzena» dela uste du. «Kirol maila hutsari begira, kirolariok ezin badugu ondo entrenatu, ez dugu gure mailarik onena emango eta, beraz, ikuskizuna motelagoa izango da. Bestetik, entrenatzeko ditugun baldintza desberdinek aukera berdintasuna eragozten dute. Eta azkenik, eta batez ere, ezin da pertsonen osasuna arriskuan jarri, kirolariena, zein langileena, zein ikusleena».

Tokion egotea azken urteetako helburu ukaezina izan bada ere, xabalina jaurtitzaileak atzerapenaren alde positiboari besterik ez dio erreparatu nahi. «Gure planifikazioa urtekoa izaten da, urte bakoitzean dagoen txapelketara zuzenduta. Datorren urtean aurtengoa errepikatuko dugu eta hobetzeko, molestia fisiko guztiak kentzeko eta lan gehiago egiteko denbora gehiago edukiko dudala pentsatzea nahiago dut».

Maialen Chourraut

Galdera asko

Txapeldun olinpikoak ez du «atzerapenaren erabakia epaituko» baina argi dauka «oso konplikatua zela aurten egitea, mundua zer egoeratan dagoen ikusita».

Orain «galdera asko daude airean» eta hori da Chourraut larritzen duena une honetan. «Ez dakigu Federazioak zer esango duen plaza olinpikoei buruz, mantenduko diren edo selekzio proba berriak egin beharko ditugun, nazioarteko federazioak kuotak berriro banatuko dituen... Galdera asko dago». Baita «reseteatzeko» beharra ere. «Ziklo olinpikoak gogorrak dira eta orain lau urtekoa bost urtera pasatu behar dugu», lanari eta planifikazioari nola eragin diezaiokeen kontuan hartuta. Edozein kasutan, Chorrautek «gizakiok egoera desberdinetara moldatzeko daukagun gaitasuna» azpimarratu du, eta «aukera bezala ere har» daitekeela uste du: «Orain deskantsatu, pilak kargatu eta datorren urtean topera».