Andoni ARABAOLAZA
BERROGEIALDIRAKO ZINEMA

Matterhorn: Barmassetarren lotura intimoa

Lau belaunaldi, helburu bakarra: mendira joan abentura bila; behin eta berriro! Eta beti Matterhorn edo Cervino mendia bihotzaren erdi-erdian. Horrelakoa da Valtournenche-ko Barmasse familia: alpinistak, esploratzaileak eta Matterhorneko mendi gidariak. Aitak Marco du izena; semeak, berriz, Herve. Biak ala biak soka gerrira lotuta “Línea continua” pelikulan. Berezia, intimoa, harrigarria… Giacomo Berthet zuzendariak, Barmasse alpinisten “zilbor-hesteari” lotu, eta mendi ikonoko horretan aitak eta semeak bizitako eskalada batera eraman gaitu. Matterhorn beti buruan. Burua beti Matterhornen. Ez da obsesio bat, lotura berezi bat baizik.

2010eko martxoaren 17an, alpinistok Matterhorneko hego aurpegian sartu ziren. Helburua: “Couloir” izeneko bidea. Egitasmo zahar bat da; hain zuzen ere, Marco aitarena. Duela 24 urte marra hori eskalatzen saiatu zen: «Ezin izan nuen helburua erabat lortu. 1980ko hamarraldiko alpinista zailduek zioten Alpeetako azken proiektu agerikoena zela».

Azkenean, aitak eta semeak xedea biribiltzea lortu zuten. 2010. urtean izan zen, eta barmassetarrek Matterhorn mendiarekin zuten “arantza” bat gainetik kentzea erdietsi zuten. Hervek berak hori azpimarratzen du filmean: «Familiartean bazkaltzen genuen bakoitzean, ‘Couloir’ izaten zen solasaldien gai nagusia. Beti amaitzen genuen Matterhorni buruz hitz egiten. Geuretzat mendi soil bat baino askoz gehiago da. Nik hala sentitzen dut, eta ez dut zalantzarik aitarentzat ere mendi kuttuna zein berezia dela».