Joxemari CARRERE
BERROGEIALDIRAKO WEBGUNEAK

Euskaldunon ahotsen kontakizunak

Behin edo behin kontatu izan dut. Ipuinak kontatzen hasi nintzenean, batez ere literaturako ipuinak hartu nituen, gustuko egileenak: Sarri, Ende, Galeano… Baina esperientzia faltagatik eta ulertzen ez nituen beste gauzengatik, ez zitzaidan iruditzen horrela behar zuenik. Orduan kontu zaharretara jo nuen. Barandiaranen bilduma hartu eta bertako ipuinak irakurtzen hasi nintzen. Bilduman jatorrizko euskalkian zeuden transkribatuak eta kontatu bezala. Askotan zaila egiten zitzaidan ulertzea, baina ohartu nintzen ipuin horiek doinua bazutela, bazutela kontatuak izateko zera bat.

Eta halaxe hasi nintzen horiek kontatzen. Nire harridurarako besteak baino hobeto funtzionatzen zuten. Zergatik ote? Italo Calvinok zerbait argitu zidan bere “Hurrengo milurtekorako sei proposamen” irakurriz. Honek ulertarazi zidan tradiziotik heldu zaizkigun ipuinen garrantzia. Baina zerbait sumatzen nuen faltan, horien doinua.

Zorionez, Interneten garai hauetan Ahotsak.eus egitasmoa martxan jarri zen. Eta nire zorionerako, bideo grabazioetan hainbat jende agertzen da txikitan entzundako ipuinak kontatzen. Egun hauek aukera paregabea ematen dute sartu eta euskaldunen ahozko ondarean barrena bidaiatzeko.