Zuberoa Barbolla
KOLABORAZIOA

Herriaren izenean

Kasik hilabete iragan da itxialdiaren zigorra hasi zenetik. Gure onerako delakoan, etxeetan gordetzera behartu gaituzte. Eta amen egin dugu gure hobe beharrez; orobat gizateriaren hobe beharrez. Horrela, isolatu gaituzte; taldean zein bakarrik, baina isolatu. Eta ez da gauza bera, ez. Bakarrik urrundu behar izan duzuenok oso ongi dakizue, nola ez, ba! Gizartea desgizarteratu da egun batetik bestera; alegia, gizartean ez da gizarterik. Kaleak hutsik, saltoki gehienak itxita, baita tabernetako pertsianak ere. Ez dago autorik, ez eta punta-puntako patinete horietakorik ere.

Abiadura geldoan pasa zaizkit egunak, nahiko hutsik, kasik bizipenik gabe. Halere, zirraraz beteta, sentimendu asko azaleratu zaizkit; tarteka irri egin dut, sarri negar. Nazka, amorrua, samina, haserrea; eta, akaso, muturrekoa bada ere, zenbaitetan gorrotoa ere bai. Senide, lagun, zein pertsona berezien mina; herrimina, jendearen, taldearen, naturaren mina. Eta sentimendu nahaspila horretan deskribatu ezinak badira ere, bularrean presioa eragiten duten beste hainbeste. Lekutan dira, ordea, erabateko betetasunaz disfrutatzeko parada eskaintzen dizkiguten sentimendu horiek. Akaso, balkoia izatearen pribilegioa duzuenoi eguzkiaren epeltasunak lagun diezazueke; disfruta ezazue, arren! Pentsatze hutsak hozkirri atsegingarria eragin berri dit gorputzean.

Arerio ikusezin bat omen dago hor, nonahi. Edozein txokotan ager dakiguke, eta geu konturatu gabe bere egin. Bidenabar, gu maneiatu ingurukoak ere bere egiteko. Beldurrak jota gabiltza, gure bizia eta hurbilekoena jokoan baitago, edo, hobeto esanda, gure esku. Bai, pandemia herritarron esku besterik ez dago, antza. Denak betebeharrak, noizko laguntza? Gaur lantokira produzitzen jarraitzera, nork babestuko ditu langile horiek? Gaur dendak nahiz tabernak ixtera, nork lagunduko ditu diruz autonomo horiek? Gaur segurtasun jantzirik gabe ospitalera gaixoak artatzera, noizko premiazko NBEak? Gaur telelanaren bidez irakasten jarraitzera ebaluazio-sisteman egokitzapenik egin gabe, nola babestu ikasleak?

Gurasoak etxealdiari aurre egin ezinean dabiltza: ama edo aitaren rola, irakaslearena, langilearena... Nork emango die laguntza kontziliazio duina bermatu ahal izateko? Artean, ikasleak etxetik ikastera behartuak, berdin dio ikasi ahal izateko gutxieneko baldintzak izan ala ez; pertsonen biziaren gainetik azterketak, noski! Nork bermatuko du ikasle guztiek aukera berberak izatea ditxosozko proba baten aurrean? Eta nagusiak etxean bakarturik, nork eraman dizkie ezinbesteko botikak edo jakiak? Are larriagoa da zahar etxeetako adinduen zein langileen egoera, gehienak kutsaturik, eta, kasurik okerrenean, hilik. Nork salbatuko du euren bizia?

«Ari gara», hori esaten digute gu lasaitzeko asmoz. Eta, bitartean, bakoitza dagokion eremuan produzitzera, ezin ikusizko munstroa eta etxeko zigorraldia amesgaiztoa izango balira bezala. Askatasuna lapurtzeaz gain eskubideak ukatu dizkigute gure osasunaren izenean, produkzioaren izenean, herriaren izenean. Baina herriaren izenean nahikoa da! Zuek ez zarete herria; gu gara herria eta herriak baino ez du salbatuko herria!