Izarne Zelaia Arratibel
Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea
KOLABORAZIOA

Zaintza

Norbere buruarena. Senitartekoena. Lagunena. Komunitatearena. Zaintza balioan jartzen hasiak gara, gertukoenen bideodeietatik hasi eta auzo eta herrietako zaintza sareetaraino. Zaintza sareak osatu diren tokietan, auzokideek egiten dizkiete erosketak etxetik ateratzerik ez dutenei edo baliabide ekonomiko urriak dituzten bizilagunei; zenbait zahar etxetako langileek 24 orduak bertan pasatzea erabaki dute, guztion osasunaren onerako; nekazarien produktuak salerosteko bide berriak bilatu dituzte herritarrek; Jaurlaritzatik azokak ixteko agindua iritsi denean, zenbait udal izan dira eurenak zabalik mantentzea erabaki dutenak; zenbait eskolak ekinbide propioz banatu dituzte baliabideak beharra duten ikasleen artean. Adibide batzuk baino ez dira, komunitatearen ekina herritarrek lehen lerrora ekarri dutela erakusten digutenak. Izan ere, lehenago ohartu gabe bageunden, ohartu gara gure gorputzok zaurgarriak direla eta elkarren beharra dugula. Geure buruok zaintzekotan komunitatea dela zaindu behar duguna. Azken batean horixe da, adibidez, gertuko elikagaiak kontsumitzea: gure komunitateko pertsonak zaindu eta beste lurraldeetako lurren eta gorputzen esplotazioa ekiditeko alea jartzea. Eta horixe bera da hizkuntza gutxituak zaintzea ere, elkarreraginean gaudenok, bizitzeko eta komunikatzeko ezinbesteko elikagai hizkuntza bat duten gorputzak baikara. Pertsona gisa eraikitzeko era bat daukagunak, kultura baten parte garenak.

Besarkaden, begiraden, aurrez aurreko ahotsen faltan, «zuen falta sumatzen dut» bezalako hitzak erreskatatu dituen gorputza naiz. Kulturak eta sormenak egoten laguntzen, gozarazten, biziarazten duten gorputza. Eta kezka bat dabilkit: sortzaileak gu zaintzen ari diren bezala zaintzen ote dituen komunitateak eurak. Komunitatean topatuko al ditugun kultur sorkuntzak eskuratzeko bide berriak, sortzaileek euren lana baldintza duinetan egin ahal izan dezaten. Edo, azokak zabaltzera Jaurlaritza bultzatu dugun moduan, bultzatuko al ditugun Euskal Herriko hiru administrazioetako arduradunak euskara eta euskal kulturarekiko dagokien ardura hartzera. Komunitatea zaintzea bai baita geure gorputzak zaintzea.

Xalbador zenaren «herria eta hizkuntza» bertso sorta datorkit gogora uneotan. Hark zioenari kontra egin gabe, esaldi ezagunari buelta emateko lizentzia hartuko dut, amaitzeko: herria da bihotza, hizkuntza gorputza.