GARA
Donostia

Hego Euskal Herriko etxeen %4,4k ez dute kalera ematen

Derrigorrezko konfinamenduak herritar guztiei eragiten die, baina ez modu berean, baldintzak desberdinak baitira etxe bat izan edo beste bat. Lursail batek, terraza batek edo leiho batek eragina izan dezake itxialdian. Horrela, konfinamendu egunak are gogorragoak izan daitezke barrura ematen duten pisuetan bizi diren pertsonentzat, are isolatuago baitaude, askok ez baitute argi naturalik etxean, ezta kalera ematen duen leiho edo terrazarik ere.

Hego Euskal Herrian, etxebizitzen %4,4tik ez da kalea ikusten. Alta, zifra hori ez da hain orekatua EAEko eta Nafarroako datuak banatuta aztertuz gero, alde handia baitago lurralde batetik bestera.

Barneko etxebizitzen kopurua askoz handiagoa da EAEn Nafarroan baino; lehenak espainiar Estatuko portzentaje altuenetako bat du etxe mota horri dagokionez, eta bigarrenak, berriz, txikienetakoa.

EAEn, etxebizitzen %5,7 barnekoak dira, Idealista higiezinen atariaren arabera. Bilbok du mota horretako etxe gehien, etxebizitza guztien %13,8. Bizkaiko hiriburua Estatu espainiarrean kalerako leiho edo terrazarik ez duten etxebizitza gehien duen bigarren hiriburua da, soilik Madrilen atzetik. Donostian kopurua %4,7ra jaisten da eta Gasteizen, %4,2ra.

Nafarroa, berriz, barruko etxebizitza gutxien dituen Estatu espainiarreko lurraldeetako bat da, etxebizitza guztien %3,1. Estatu osoan, Kantabriak bakarrik murrizten du ehuneko hori, %1,3ra.

Iruñean, %3,9 dira barneko etxeak; hortaz, Nafarroakoa da kalera ematen duten etxebizitza gehien dituen Hego Euskal Herriko hiriburua.

Estatu espainiarreko etxebizitza-parkearen tipologiaren kalkulua egin ahal izateko, Idealista higiezinen atariak kontuan hartu ditu datu-basean azken hamabi hilabeteetan iragarri diren etxebizitza guztiak, bai salmentan, baita alokairuan ere. Atzo ezagutarazi zituen datuak.

Ipar Euskal Herria

Ipar Euskal Herrian, nahiz eta datu ofizialik ez izan, etxebizitza motari buruzko ideia orokor bat atera daiteke, Frantziako Estatistika Institutuaren (Insee) datuak eta Euskal Elkargoak eskatutako “Ipar Euskal Herriko Erretratu Soziala” azterlana baliatuta.

2016an, Iparraldean, etxebizitza guztietatik (198.740) 82.531 banakakoak ziren (%42), kontuan hartuta etxebizitza indibidual guztiek terraza edo kalerako bistak dituztela, eta 115.388 pisuak ziren (%58).

Aurtengo urtarrilean Inseek argitaratutako datuen arabera, 36,3 milioi etxebizitza daude Estatu osoan, eta erdiak baino gehiago (%56) indibidualak dira; ehuneko hori are handiagoa da Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

Laburbilduz, kontuan izanda banakako etxebizitza guztiak kalera begirakoak direla –Estatu frantsesean etxebizitza hauen kopurua altua da– eta pisu gehienak ere bai, ondoriozta daiteke barruko etxebizitzen kopurua Hego Euskal Herrian baino txikiagoa dela, datu zehatzik ez izan arren.