Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Beste zerbait

Koronabirusa ez den gai batez hitz egitea erabaki dut gaur, ez dudalako nahi sistemak nire eta zure garuna bete dezan, beste behin ere, bere mezu apokaliptikoekin. Zeren eta, seguruen irakurriko zenuten, Naomi Kleinen “Shockaren doktrina”, non hau guztia igartzen duen argitasun izugarri batekin (ez ote da bera ere konplotaren parte, hain argiki aurreikusi baitzuen), eta esaten duen jendarte izutu bat dela askatasun ororen birrintzearen edo are desagertzearen hasiera. Nahiz eta, argi esan dezagun, kontraesan bat ere baden, aurretiaz eskubiderik ez badago zaila baita eskubide horiek urratzea eta are ezabatzea. Horretarako, eskubide esan daitekeen zer edo zer egon behar delako, hura, a posteriori, urratua edo are ezabatua izan dadin. Baina oharkabean gaiaz desbideratu naiz, esan nahi baita kontua zela zuei azaltzea zergatik ez nuen koronabirusaz edo Covid-19 delakoaz jardun nahi; ez dudalako zinez sinisten hori egon denik, eta hori egon badenik; izan ere, gehiago bainaiz hau guztia asmakizun bat den ideiaren aldekoa, baina ez nadin hor sartu, ez baitiot sistemari plazer hori eman nahi, shockaren plazera, autoitxialdi boluntario honena, badakizue, nire ustez askatasunaren kontrako atentatua baita. Horregatik, gaur, nire baitan esan dut: nire irakurle kuttunei beste zerbait eskainiko diet, ez Covid-19, ez G5, ez Wuhan, ez CIA, ez ezer: beste zerbait.