Andoni ARABAOLAZA
BERROGEIALDIRAKO PELIKULAK

Alex Honnoldbarru-barrutik

Mendiko zinemaren munduan Alex Honnold-en izena “Free Solo” pelikularekin erabat lotuta dago. Jakina, ez da harritzekoa; izan ere, Elisabeth Chai Vasarhelyi eta Jimmy Chin zuzendarien zinta horrek Oscar bat irabazi du. Alde guztietatik begiratuta, Honnoldek Kapitainen (Yosemite) eginiko bakarka integraleko (sokarik gabe) eskaladak (“Freerider”) ez zuen inor epel utzi. “Free Solo”-k eskaladaren mundura erakartzen du ikuslea, baina ez da horretara soilik mugatzen. Honnolden arima sakon-sakon aztertzen du. Bere psikologia; berezia eta “neurri” gabekoa.

Ikuspuntu zinematografiko batetik, ezer gutxi gehitu daiteke, sona handiko sari hori irabazteko osagai guztiak jasotzen dituelako. Baina arestian esan dugunez, pelikula honek ez du inor hotz uzten. Eta hori diogu asmatu duelako ikuslearen erantzunean. Eskalatzailea izan ala ez, erreakzioak, oro har, oso gordinak izan dira: urduritasuna, aretotik irteteko gogoa, karranpak... Eta egoera horiek bizi egin izan dira, nahiz eta ikusleak jakin filmaren protagonistari ez zaiola ezer gertatuko.

Finean, “Free Solo”-k, une intentsu asko bere baitan jasotzen ditu. Agian, hor dago pelikula horren arrakastaren gakoa.

Baina eskalatzaile estatubatuarrak puntu goren horretara heltzeko, ibilbide “arrazionala” behar izan du egin. Bakarka integraleko eskaladetan erreferentzia da, eta bere ibilbidean gehiago sakontzeko “Alone on the Wall” proposatzen dizuegu.

Berriro ere, Honnold soka erabili gabe eskalatzen ikusiko dugu. Peter Mortimer eta Nick Rosen dira film honen zuzendariak; hots, eskaladako ekoizpenetan eskarmentu handia dutenak.

Vimeo-n ikus daitekeen proposamenak 23 urteko gazte bat aurkezten digu, eta bakarka integraleko estilo horretan eginiko lehen urrats esanguratsuak jasotzen ditu. Hasieran, Utah-ko basamortuan dauden orratzetara eramango gaitu. Ondoren, zenita edo maila gorena iristen da: Half Dome-n (Yosemite) dagoen “Regular” bidea.