Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Egunak

Egun denak berdinak izango ziren beldurrez, itxialdiaren hirugarren zutaberako ideiarik izango ote nuen kezkatuta nengoen. Baina asteek aurrera egin ahala, karaktereak zenbatzetik hildakoak zenbatzera igaro gara. Egun denak ez dira berdinak. Aste honetan, danbor hotsak entzun dira, orain arte negar hotsen isiltasun lazgarriaz esnatzen zen Araban. Azken asteotan kolpe gehiegi jasan dituen lurraldean, egun batez ezberdin aritzeko eskubidea irabazia zuten.

Maiatzaren Lehena da bihar. Egutegiak gorriz janztea erabaki duen data. Eta, ez, egun denak ez dira berdinak. Denok berdinak ez garen moduan. Biharko egunari festa egun huts bati bezala begiratzen diote askok, baina gorri izaten jarraitzen du. Pandemiak denok berdindu gaituela diotenak oker dira. Egoera honek agerian utzi ditu klaseen arteko desberdintasunak. Egoera honek argi utzi du krudeltasunez beteriko sistema aldatzeko premia dagoela.

Bitan soilik jazo da. Bi urtez soilik utzi diote arabarrek San Prudentzio ospatzeari. Aurten, jakina, Covid-19ak eraginda eta 1976an, berriz, eraildako langileen sarraskiaren ostean. Bi egoerek erreparazioa behar dute halabeharrez. Eta bietatik ere asko dugu ikasteko. Bien ostean, justizia soziala dugu irabazteko. Eta justizia soziala bermatzea da hildakoei egin dakiekeen omenaldirik onena.