GARA
DONOSTIA

Europar Batasunak mugak ireki nahi ditu turistentzat

Koronabirusaren eraginez, Europar Batasuneko estatuek mugak itxi zituzten, Schengen ituna bertan behera utzita. Uda hurbiltzen ari denez, Europar Batzordeak turismoari ateak zabaltzeko proposamen bat aurkeztuko du gaur Bruselan. Izan ere, ekonomiaren %10a suposatzen du, eta Estatu espainiarrean, Italian, Grezian edota Kroazian, are gehiago. Euractiv webguneak eta “The Guardian” egunkariak zabaldutako informazioaren arabera, asmoa mugak hiru fasetan irekitzea da, pandemiari dagokionez antzeko arrisku maila duten herrialdeen arteko turistentzat.

Turismo korridoreak

Europar Batasuneko estatuen arteko mugak ireki aurretik, herrialde batzuk hasiak dira dagoeneko turismo korridoreak sortzeko aukera aztertzen. Austriak, esaterako, Alpeetako turismoa babesteko, Alemaniarekin eta Txekiar Errepublikarekin akordioa adosteko asmoa agertu du.

Aldi berean, Estonia, Letonia eta Lituaniaren arteko mugak irekiko dituzte maiatzaren 15etik aurrera, herrialde baltikoen artean turismoa bultzatzeko, eta Greziako gobernua ere hainbat herrialderekin aldebiko hitzarmenak negoziatzen ari da. Alemaniako, Austriako, Zipreko eta Israelgo bidaiarientzako korridore bat irekitzea da asmoa, Grezia, Bulgaria eta Balkanetako beste estatu batzuekin batera. Atenaseko gobernuak turistek bidaiatu baino 72 ordu arinago testak egitea eskatuko du. Estatu espainiarrak, aldiz, bidaiariei 14 eguneko berrogeialdia eginarazteko asmoa agertu du.

Bestetik, Boris Johnsonek eta Emmanuel Macronek akordio bat erdietsi dutela jakin da. Horren arabera, Britainia Handiko zein Estatu frantseseko pertsonek bi estatuen artean bidaiatu ahalko dute uda honetan eta ez dute berrogeialdirik egin beharko. Bruselatik begi onez ikusten dituzte horrelako egitasmoak, nolabaiteko «normaltasun» bat berreskuratzeko, baina proposamena Europar Batasuna osatzen duten estatu kide guztientzako baliagarria izan beharko litzatekeela adierazi dute.