EDITORIALA
EDITORIALA

Arinkeriaren aurkako txertoa ospitaleetan dago

Bi hilabete bete dira koronobirusaren ondorioz Euskal Herria itxialdian sartu zenetik. Denbora tarte honetan gure herriak une latzak bizi izan ditu, eta herritar askok, egoera oso gogorrak. Halaber, ahalegina ez da alferrik izan, eta, pixkanaka bada ere, oldarraldi honetako unerik zailenak atzean uzten ari garela ematen du. Horren ondorioa da martxoan ezarritako zenbait neurriren arinaldia, ia ahaztuta genituen hainbat gauza egiteko aukera eman diguna.

Zalantza gabe, itxialdiaren lasaitzea mesedegarria izango da denon osasun fisiko eta psikologikorako, baina akats larria izango litzateke arinaldia arinkeriarekin nahastea. Ildo honetan, azken egunetan osasun-irizpideei eta emandako gomendioei entzungor eginez nahieran aritu diren lagunen jarrera kezka eragiteko modukoa izan da. Kezkatzekoa da ere, eta are larriagoa instituzioak tartean daudelako, alderdi-kalkuluak hobesteko tentazioari eutsi ezinik dabiltzan politikarien jarrera. Hauek ez dira arduragabekeriaz ibiltzeko egunak, besteren artean, mehatxuak bertan jarraitzen duelako. Ondo dakite hori duela bi hilabete edo duela lau aste bezala gaur ere Euskal Herriko ospitaleetan gaitzari aurre egiten ari diren medikuek, erizainek eta gainontzeko langileek. Orrialde hauetan horien eguneroko jarduna islatu dugu, normala izatetik oso urrun dagoen egunerokotasuna, hain zuzen, eta, argazkiek erakusten dutenez, lana erruz egiten ari dira oraindik.

Covid-19a ez da inora joan, gure ahaleginak bidea murriztu dio, baina ospitaleetan jendea artatzen jarraitzen dute eta ZIUetan gaixoak sartzen ari dira. Leku horietan goizetik gauera lanean ari diren lagunen argazkiek arinkeriaz aritzeko gogoa uxatu beharko lukete. Beraiei esker, birusak eragindako triskantza izan zitekeena baino txikiagoa izan da, asko zor diegu, eta hainbeste heriotza tartean egonik «garaipenaz» hitz egin ezin den arren, ataka zail honetatik beraien eskutik aterako gara. Ordainetan, esker ona eta ardura da eskaini behar diegun gauza bakarra.