GARA
BILBO

Espedientearen aurka joango dira ELA eta LAB Arcelorren

Arcelor Mittalen eta sindikatuen arteko bilerak porrot egin du berriro. Negoziazioen edukiak «negoziazio mahaitik kanpo» egiten direla salatu dute ELA eta LAB sindikatuek eta enpresak iragarri duen espedientea inpugnatu egingo dutela iragarri dute. Arcelorrek aurkeztutako azken eskaintza aldatu eta egun indarrean dagoena baino okerragoa dela esan dute. Enpresak «ez zuen ezer negoziatzeko asmorik», nabarmendu du LAB sindikatuak

ELA eta LAB sindikatuek Arcelor Mittal konpainiak iragarritako enpleguaren aldi baterako erregulazio espedientearen aurka egingo dute, enpresaren azken eskaintzari uko egin eta horren edukiari buruzko negoziazioak mahaitik kanpo egin izana kritikatu ostean.

«Azken eskaintzak soldata gordinaren %75 ordaintzea planteatzen du, eta %100 ordainketetan eta oporretan», azaldu zuen ELAk ohar batean. Planteamendu horrek azken urteetan aplikatu den espedientearen baldintzak «okertu» egiten dituela nabarmendu, eta «eskaintza hobea egiteko tarte nahikoa du», baieztatu zuen.

Negoziazioak «mahaitik kanpo» egin direla kritikatu zuen berriro, eta horrek «enpresaren interesei bakarrik egiten diela mesede». Horiek horrela, espedientea inpugnatu egingo duela iragarri zuen ELAk.

«Ildo beretik –gaineratu zuen–, ezinbestekotzat jotzen du ELAk Euskal Herrian lan egiten dutenek, bertoko lantegien etorkizunaren alde borroka egitea, plan industriala exijitzea eta errelebo kontratua behar bezala erabiltzea». Horretarako, Lakuako eta Iruñeko gobernuen inplikazioa ezinbestekoa dela azpimarratu du ELAk.

LAB sindikatuak ere Arcelor Mittalen espedientearen kontra egingo duela berretsi zuen, bezperako bileran enpresak «ezer negoziatzeko asmorik ez zuela» agerian utzi ostean. «Asturiasen negoziatutako edukiak mahai gainean jartzera mugatu da», azaldu zuen.

«Izapide hutsa izan zen, negoziazio mahaitik kanpo hartutako erabaki bati legezkotasun berniza ematen saiatzeko eta, horrela, errekurtso judizialek aurrera egitea zailtzeko», esanez deskribatu zuen LABek bezperako negoziazio mahaiaren bilera.

«Xantaia»

Adierazi zuenaren arabera, enpresak argi utzi zuen proposamena espedientearekin lotutako «edozein mobilizazio sindikali uko egitearen baldintzapean» zegoela. «Ez dezagun ahaztu proposamen honek okertu egiten duela egun indarrean dagoen espedientea, izan ere, enpresak soldataren %75 baino ez du osatuko, egungo %94aren aldean», zehaztu zuen.

«Xantaiatzat» jo zuen proposamen horren aurrean UGT, CCOO eta USO sindikatuek «amore eman dute berriro», salatu zuen.

Horri dagokionez, joan den astelehenean Gatazkak Judizioz Kanpo Konpontzeko Asturiasko Zerbitzuan adiskidetze ekitaldia egin zen. Audiokonferentzia bidezko bileran, honako baldintza hauek eskaini zituen enpresak: enplegu erregulazioko espedientea abenduaren 31ra arte indarrean egotea; telelana indartzea; eta enplegu erregulazioko espedientea modu orekatu eta bidezkoan aplikatzea, 48 orduko aurreabisu orokorrarekin.

Era berean, enpresak lehentasunezko kontratazio poltsa bat sortzea onartu du behin-behinekoentzat, Arcelor Mittalen zerbitzuak eman dituztenekin; aurreikusitako inbertsioak amaitzea eta industria jarduerari eustea; kaleratzerik gabe, diziplina arrazoiengatik izan ezik; eta 2009ko espedientearen baldintzei eustea, osagarri ekonomikoa izan ezik, %75ekoa izango bailitzateke.

LAB sindikatuak nabarmendu zuenez, enpresak «elkarrizketa sozial bitxia egiten du, eta xantaiarekin, sindikatu batzuk egungo eta etorkizuneko mobilizazioei uko egitea lortzen du egungo espedientea baino okerragoa den proposamen baten truke».

Gaineratu zuenez, enpresaren jarrerak eta proposamenak ez lukete biderik izango lan erreforma indarrean izango ez balitz. «Enpresak badaki sindikatuen akordiorik gabe ere espedientea aplikatu dezakeela horri esker».

Hori dela eta, sindikatuak beharrezko eta premiazkotzat jotzen du lan erreforma indargabetzea. Hau da, zehazki, EH Bilduk, UP formazioak eta PSOEk sinatu duten akordioaren zutabeetariko bat.

«Orain EAJ ez badago prest indargabetzeko, lanpostuak suntsitzen dituzten eta gehiengo sozialaren lan baldintzak prekarizatzen dituzten botere ekonomikoen konplize izango da», nabarmendu zuen LAB sindikatuak prentsara bidalitako oharrean.