02/06/2020

Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria
Gasolina
Presaren aroak bizi gaitu. Autobideetako «restop»-etan ez dago fantasiarik, ez dago inguruan etxe sorgindurik. Ez dago patxadarik, gasolina gehiegi baizik

Gasolinak ez du fantasia elikatzen, superstizioaren etsaia da». Esaldi honetan, Pio Barojak bidaiariak bere txangoan ezagutzen dituen istorioak zituen aipagai. “Las casas de duendes” izeneko idatzi batean, azaltzen zuen bidaiariak herri batera heltzerakoan beti topatzen zuela etxe zahar bat itxita eta abandonatuta, berarekin istorio fantastikoren bat bazuena. Bertako norbaiti galdetuz gero kontakizun bitxia eskainiko zion. Hilketa bat, bi maitaleren arteko elkartze tragikoa, lapurren ezkutalekua. Leku misteriotsua, beldurgarria, mamuen edo iratxoen etxea, kate hotsak, beste munduko argiak. Bidaiariari geldialdi hauek herrietako sinismenen unibertsoa erakusten zioten. 1935ean argitaratu zuen idatzian, Barojak zioen ordurako ez zirela entzuten kontu horiek herrietan; baina guztiz ez zirela desagertuko sinisten zuen. Izan ere, bere ustez automobilak ez zuen uzten lehenago, diligentziarekin, gelditzen ziren lekuetan atseden hartzea. Ez zitzaion berdina iruditzen hitz egitea kotxe-gidari batekin eta handi ustea zuen hotel bateko jabearekin, edo diligentziako gidariarekin eta ostatu bateko jabearekin. Aurreneko biek abiadura eta azkartasuna zuten gogoko; besteek berriz, kontakizunerako joera zuten. Eta arrazoia zuen Baroja zaharrak; fantasiak denbora behar du, geldotasuna, arnasa.

Presaren aroak bizi gaitu. Autobideetako restop-etan ez dago fantasiarik, ez dago inguruan etxe sorgindurik. Kontsumitzeko lekuak dira besterik ez. Han denak dira pasokoak, ez dago inor istorio harrigarririk kontatzeko. Ez dago patxadarik, gasolina gehiegi baizik.