Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Egur Sportek antolatutako lehiaketak ekainaren 27an hasiko dira

Urte berezi honetan, Egur Sportek antolatutako txapelketek ere bidea ireki nahi dute. Urrezko Aizkolarien txapelketan bederatzi aizkolari neurtuko dira. Hasiera ekainaren 27an izango da, nahiz eta non izango den erabakitzeke dagoen. Final-laurdenetako neurketak hauek izango dira: Jon Rekondo Iñaki Azurmendiren aurka –irabazleak Iker Vicente izango du aurkari finalerdian–; Ruben Saralegi Ugaitz Mugerzaren kontra –Julen Alberdi Txikia zain–; eta Eneko Otaño Jesus Mari Mujikaren aurka –Mikel Larrañaga izango du zain–. Hiru pasatuko dira abuztuaren 1ean edo 2an jokatuko den finalera. Egin beharreko lana: erlojuaren aurkakoa, abiadurakoa eta azken proba guztira sei enbor ebakitzea.

Harri-jasotzaileen txapelketan, berriz, hauek dira norgehiagokak: Urdax Magunazelaia Mikel Lopetegiren kontra; Xabi Peñagarikano Beñat Telleriaren aurka; eta Imanol Albizu Goikoetxe Inhar Urruzunoren kontra. Harri-jasotzaile bakoitzak bi jardunaldi jokatuko ditu eta finalera hiru markarik onenak egin dituztenak pasatuko dira.

Emakumezkoen lehiaketan, azkenik, Virginia Dinolek, Karmele Gisasolak eta Udane Ostolazak hartuko dute parte.