Nerea GOTI-Jon ORMAZABAL

ERABAKITZEKO MOTIBOAK, SOBERA

ZENBAT BURU, HAINBAT ABURU» DIO ESAERA BATEK ETA, ESPIRITU HORRI JARRAITUZ, NORK BERE ALDARRIKAPENA PLAZARA ATERATZEKO GONBITA EGIN ZION GURE ESKUK EUSKAL JENDARTEARI. KALERA IRTETEKO MODUAK ALDATU BADIRA ERE, BURUJABETZAREN ALDEKO MOTIBOAK SOBERA DIRA ORAINDIK, OSATUTAKO COLLAGE ERRALDOIAK ERAKUSTEN DUENEZ.

Gu guztiok bezala, urteetan edo mendeetan pilatutako aldarrikapen eta beharrak ere etxeetan konfinatuta izan dira azken aste eta hilabeteetan. Hala ere, osasun krisia bere gerriko itogarria askatzen joan den eran, barruan pilatutako nahiak eta desirak libratu eta kale eta plazak berreskuratzeko deia egin zuen Gure Esku Dago ekimenak “Hamaika gara” dinamikaren baitan. Sare sozial, hashtag, bideo labur eta teknologia digitalen garaiotan, oinarrira, sinpleenera, itzuli eta errotuladore batekin kartoi batean barrenak askatu eta guztien artean collage erraldoi bat sortzea zen helburua eta, bezperan Bilbon eta Lezon irekitako bidetik, Euskal Herriko 50 herritan hamaika aldarrikapenek bizia eman zieten luzaroan mutu izan diren plaza eta kaleei.

Pausa garaiak bizi izan dituzte zenbaitek, ordularia geratu bezala egin da beste askoren eskumuturrean, nahiz eta gero eta gutxiago izan halako bat daramatenak, baina argi geratu da itxialdiak ez dituela burujabetzarako motiboak desagerrarazi; are gehiago, plaza eta kaleetan ikusitakoaren arabera, izugarri ugaritu dituela esan genezake, oker egoteko beldurrik gabe.

Esaterako, maiz urrun sumatu dugun arrazakeria lehen lerrora ekarri du George Floyden hilketak eta mundu osoan zabaldutako “Black Lives Matters” (Beltzen biziak axola du) leloak ere toki nabarmena izan du eskubide sozial eta politikoen aldeko mezuen artean.

Deialdi bateragarriak

Gauzak horrela, lehian aritzetik urrun, bateragarriak izan ziren, oso, Donostian eta Gasteizen metro gutxira bat egin zuten arrazakeriaren kontrako eta Hamaika Gara ekimeneko deialdiak. Arabako hiriburuan, esaterako, Andre Maria Zuriaren plazan zen George Floyden aldeko elkarretaratzea, eta asko eta asko izan ziren bertara joan aurretik Foru Plazatik pasatu eta beren aldarria harrizko harmailetan utzi zutenak, nahiz eta goian behean ari zuen euriak kartoiak bigundu eta tintak disolbatuko ote zituen zalantza nabarmenak izan.

Donostian, Bulebarreko kioskoaren inguruan bildu ziren bi elkarretaratzeak eta, azken egunetako gertakarien ostean, beste aldarrikapen batek hartu zuen lekua Gipuzkoako hiriburuaren bihotzean pilatutako mezuen artean; alegia, Donostialdeko metroaren lanak bertan behera uzteko eskaerak.

Irati Elizalde Gure Eskuko kideak mezu horiek denak batzen zituzten hitzak egin zituen bertan: «Osasun krisiari eta datorren krisi sozial eta ekonomikoari ezin zaie herritarroi bizkarra emanez erantzun. Herritarrokin hemen, Euskal Herrian, hartu behar ditugu erabakiak. Iruditzen zaigu baliatu beharko genukeela inflexio puntu hau herri gisa hausnartzeko, herri gisa eztabaidatzeko, erabakiak hartzeko eta beharrezkoak diren aldaketak bideratzeko.

Izan ere, norbanako bakoitzak bere aldarrikapenak eraman eta plazaratu bazituen ere, arazo horiei guztiei herri erantzuna ematearen garrantzia nabarmendu zuen Elizaldek. Bere kezka agertu zuen, horren egoera larriaren aurrean «egon den akordio politiko faltagatik eta herri gisa batuta erantzuteko ezintasunagatik». Kexa ere azaldu zuen, «batetik, onartezina delako alarma egoera birzentralizaziorako baliatu izana, eta, bestetik, ulertezina delako erakunde publikoek eragileekin lankidetza handiagorik ez sustatu izana».

Kalean, ordea, bestelakoak izan ziren gauzak eta desberdinen arteko lankidetzak ondo funtzionatu zuen; hamaika aldarriz osatutako collage handian mezuak hizkuntza desberdinetan irakurri zitezkeen; izan euskaraz, gaztelaniaz edo arabieraz, denek izan zuten lekua.

Bideokonferentziaz ere bai

Ezin bestela izan, eta aldarri analogiko honek ere izan zuen bere bertsio digitala, bai sare sozialen bidez zabaldutako mezu eta irudi ugarietan, bai azkenaldian horren erabilgarri izan zaizkigun bilera telematikoetan. Esanguratsua izan zen arlo horretan, azken urteetan garatutako senidetzearen baitan, Zuiako eta Kataluniako Vergeseko herritarrek sareen bitartez egin zuten ideien eta animo mezuen trukea. Digitala, baina gertukoa eta benetakoa.

Izan ere, pantailaren alde batetik edo bertatik bertara irakurritako mezuek horixe zuten desberdintasun bakarra, euskarria. Independentziaren aldeko mezuak preso politikoen etxeratzearen eta politikarien soldatak jaistearen aldekoen ondoan kokatzen joan ziren. Auzolanaren aldeko deiak, zerbitzu publikoak indartzearen aldekoak edo “Euskal errepublika komunitario eta feminista” eskatzen zutenak egon ziren ikusgai, baita «egia» edota «zaintza duina» eskatu zutenak ere.

Feminismoaren leloak kartel ugaritan azaldu ziren, migranteen eskubideen aldeko “Inor ez da ilegala” ezaguna, eta arrazakeriaren aurkakoen artean, “Beltz, txuri eta marroi, bermatu eskubide berak denoi” zioena, esaterako.

Etorkizunari begira egiteke dugun galdera nagusi horietako baten aurrean, inork zalantzarik bazuen, ezer argi geratu bada, hori burujabetzarako arrazoiak sobera ditugula da.