Oihane LARRETXEA
«PIZTU ARGIAK!» GALA VICTORIA EUGENIAN

LEHEN TAUPADEN HOTSA

KULTURA, OXIGENOZKO PUXIKA. ITXIALDIA APURKA ATZEAN UTZI ETA PIXKANAKA IGOTZEN JOANGO DA OHOLTZARA BERA ERE. VICTORIA EUGENIAN IZANGO DA LEHEN HITZORDUA, OSTIRALEAN; ATZO, OSASUN LANGILEEI ESKAINITAKO ESKER ONEKO EKITALDI BATEKIN IREKI ZITUEN ATEAK. MASKARAK AHOAN, KULTURAZ ILUSIOAZ GOZATU AHAL IZAN ZUTEN.

Udaberrirako egun gutxi batzuk falta ziren dena bat-batean eten zenean. dFeria arte eszenikoen jaialdia pil-pilean zegoen. Mundu bat pasa dela dirudi. Lurrak irentsi zuen eskaintza kultural guztia. Galdera asko eta erantzun gutxi zituen Donostiako Victoria Eugenia antzokiak, Euskal Herriko beste areto eta espazioek bezalaxe. Handiak, ertainak, txikiak. Biluzik geratu ziren oholtzak, itzali ziren fokuak eta desagertu ziren aktoreentzat paperak. Ez dantzarik ez antzerkirik publiko kutunaren aurrean.

Kontuak kontu, pixkanaka bagoaz usadio berriak hartzen, ohiturak, neurriak, distantziak… Bagoaz ohitzen, arraroa bada ere. Aretoa ilun dago eta agertokitik baino ez dira heltzen argi sotil batzuk. Begiak iluntasunera ohitzean ohartu gara maskarek estaltzen dituztela denon ahoak, eta ikusleak beren artean aldenduta daudela.

Neurri berriak aplikatuta ireki zituen atzo Victoria Eugenia antzokiak ateak, “Piztu Argiak!” deitutako “0 gala” moduko batean. Neurri batean, kulturaz lasaitasunez berriro gozatzeko ezarritako segurtasun protokoloa frogatzeko modu bat ere bazen. Izan ere, pandemiaren aurrean lehen lerroan aritu diren osasun langileei esker ona adierazteko antolatutako ekitaldi xume baina hunkigarriarekin esnatu baitzen antzoki donostiarra hiru hilabeteko lozorro luzetik. Aurretik, ilararik ez kanpoaldean; badirudi jendeak kontzientzia baduela. Denak denboraz gerturatu ziren. Esku batean sarrera, bestean maskara. Gauzak nola diren…

Uda heltzeko jada egun gutxi gelditzen diren honetan, aretora sartzeko uneak ez du pandemiaren aurretik ohikoa zenarekin batere zerikusirik. Atarira heltzerako, maskara ahoan dugula, aurpegia pantaila garden batekin estalita duen langile batek egiaztatzen du sarrera irakurgailu batekin. Behin barruan, gel hidroalkoholikoa bota behar da eskuetan. Eta oraindik arraroa bada ere, ohartzerako ohituko gara, ziur. Platea beti bezain elegante, belusezko eserleku gorriekin; erdiak falta dira, ordea. Antzokiak 391 eserleku ditu eta sarreran zehaztuta dago non eseri behar duen bakoitzak.

«Berriro egingo genuke»

Kulturaren bidez osasun langileei esker ona adieraztea. Horra atzoko helburua. Osasun arrazoiengatik itzali ziren fokuak, eta osasun arrazoiengatik piztu dira. Eta tarte honetan jo eta su erietxeetan gaixotu direnekin lanean aritu direnak nahi zituzten lehen ilaran. Arantxa Aguilo Donostia Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuko buruak jaso zuen, denen izenean, aitortza. Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak egindako irudia Donostia Ospitalera eramango dute. Egin dutena ahaztu ez dezaten. «Oso une gogorrak» igaro dituzte, aitortu zuenez, beldurra ere pasa dute, zetorrenaren gainean zalantzak izan dituzte eta tentsio handiak konpartitu dituzte, baina sendo esan zuen: «Berriro egingo genuke».

Oholtzatik, ordea, mezu bat helarazi nahi izan zion medikuak jendarteari: joka dezagun zuhurtziaz, ez gaitezen konfidatu, ez ditzagun neurriak ahaztu, joka dezagun arduraz. Txagorritxu eta Basurtuko kasuak kezka areagotzen duela ez zuen ukatu. Jendartearen aldetik jaso duten babesaz adierazi zuenez, «beti sentitu dugu esker ona, eta gure lana baloratuta ikusi dugu, baina gaur (atzo) bezalako ekitaldiek hunkitu egiten gaituzte», onartu zuen Aguilok.

Muxuak eta goxokiak

Sara Cozar eta Aitziber Garmendia aktoreek eta Igor Calonge dantzariak interpretatuko obra batekin, kultura kontsumitzeko hartu beharko ditugun ohituren inguruko hausnarketa heldu zen. Mezu garrantzitsu bat helarazi zuten: beldurrak ez garamatza inora. Zentzuz jokatzeak eta nor bere jarrerekin arduratsu izateak bai.

Zentzu berean mintzatu ziren Donostia Kulturatik. «Ilusioa, zuhurtzia eta ilusioa dira gure botikak arte eszenikoez berriro disfrutatzeko. Bai programatzeko garaian, bai parte hartzeko orduan», adierazi zuen Jaime Otamendi zuzendariak. Aurreratu zuenez, egunak zenbatzen ari dira «Donostiako hiru jaialdi handiak»: Jazzaldia (uztailean), Hamabostaldia (abuztuan) eta Zinemaldia (irailean). Egokituta, bai, baina berriro publikoarekin elkartzeko desiratzen.

Kresala dantza taldeak eta Orfeoi Gazteak osatu zuten programa. Gonbidatu asko eserlekuetan, besteak beste laster ateak zabalduko dituzten museoak. Mireia Massague Chillida Lekuko zuzendariak hezkuntza eta kultura goraipatu zituen. «Kultura ukiezina da, baina egoera zailak gainditzen laguntzen digun tresna gisa aldarrikatu behar dugu», esan zion GARAri.

Eta distantziak mantendu behar diren honetan, eszena erromantikoak nola demontre egingo dituzten galderari erantzuna ematen saiatu ziren. Baina, hots!, jakin gauza batzuk ez direla aldatuko: «Ikuskizunean telefonoak itzalita mantendu eta, mesedez, goxokiak ti-ta ireki! Poliki-poliki eginez zarata askoz gehiago ateratzen da eta!».