Asier ROBLES
BILBO

Covid-19aren krisiak errefuxiatuen zailtasunak areagotu ditu

CEAR Euskadik errefuxiatuen inguruko 2020. urteko txostena aurkeztu zuen atzo Bilboko Bolunta aretoan. Bertan EAEko, espainiar Estatuko eta Europako asilo eskaerei buruzko datuak eman zituen, eta azaldu zuen nola eragin dien koronabirusak asilo eskatzaileei, migratzaileei, errefuxiatuei eta aberrigabeei.

Barne Ministerio espainiarraren datuak kontuan harturik, 2019an 4.826 pertsonak eskatu zuten asiloa EAEn. Bizkaian 3.395 eskaera aurkeztu ziren, Araban 891, eta, Gipuzkoan, 540. 2018ko egoerarekin aldaratuta, hirukoiztu egin zen eskaera kopurua, urte hartan 1.595 eskaera erregistratu baitziren. Patricia Barcena CEAR Euskadiko zuzendariak azaldu zuen horietako ia erdiei eman zietela laguntza.

Barcenak azaldu zuenez, 2020. urtea ere antzeko zenbakiak uzten ari da. Covid-19aren ondorioz mugak itxi eta konfinamenduan asilo-izapideak eten egin badira ere, urteko lehen bost hilabeteetan 1.124 asilo eskaera erregistratu ziren EAEn. Eskatzaileen profila ere ez da aldatu: «Gehienak Latinoamerikakoak dira, 18 urtetik 35era bitartekoak».

Covid-19aren eragina

Barcenak azaldu zuenez, konfinamenduan zehar administrazio jarduera ia erabat geldiarazi zenez, pertsona askok luzatuta ikusi zuten harrera plazetako egonaldia. Aldiz, tramitazioak berriro martxan jartzen direnean, asilo eskatzaileek hamabost egun baino ez dituzte harrera zerbitzuetatik ateratzeko. «Hortaz, egun batetik bestera, zaurgarritasun egoera larrian gelditzen dira», azpimarratu zuen CEAR Euskadiko zuzendariak.

Izan ere, itxialdiak iraun duen denbora tartean asilo eskatzaileen egoera asko zaildu dela azaldu zuen Barcenak: ezin izan dute bizilekurik bilatu, kasu gutxi batzuetan izan ezik; ez dute prestazio sozial publikorik jasotzeko eskubiderik izan; ezin izan dute irtenbide sozialik edo lan mundurako irtenbiderik prestatu; eta ez dute bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzeko eskubiderik izan.

«Osasun larrialdiaren aurretik zaurgarritasun egoeran zeuden pertsonak bereziki ari dira pairatzen krisialdiak ekarri dituen ondorio sozialak eta ekonomikoak. Gainerako pertsonak bezala, gaixotasunaz kutsa daitezke. Baina, gainera, haien bizitzetan aurretik ezarrita dagoen prekarietatea areagotzen ari da», ohartarazi zuen Barcenak.

Bizipen gogorrak

Boli Kostan jaiotako 20 urteko Gael Isaad da zailtasun horien erakusle. Azaldu zuenez, oso txikia zela atera zen bere herritik indarkeriatik ihesi, eta hamar urtez Afrikako hamabi herrialdetan bizi ondoren, 2018an Europara iritsi zen. Mediterraneoa itsasoa zeharkatzeko ahaleginean ari zela, Itsas Salbamenduak erreskatatu zuen.

Bilbora iritsi zenean, hainbat herritarrek sortutako harrera sareen laguntza izan zuen, eta, asiloa eskatu ondoren, Estatuko harrera programan sartu zen CEAR Euskadiren bitartez. Azaldu zuenez, hemen «bizi berri bat» sortu du, eskola graduatua ateratzeko ikasten ari da, gaztelania ikasi du eta ostalaritza ikasten ari da. Horrez gain, futbolean aritu da zenbait taldetan.

Baina itxialdia hasi aurretik, asiloa ukatu zioten, eta, beraz, baita Estatuaren harrera-programarako sarbidea ere. «Oso egoera zaila da. Orain hutsetik hasi behar dut berriz. Ez dut nire herrira itzuli nahi. Azken hamar urteotan alderdi txarrak ahaztu eta bizimodu berri bat sortzen saiatu naiz. Ezin dizkidate nire ametsak kendu: lan egitea, futbola, familia bat osatzea eta, egunen batean, kalean nik bizi izandakoaren antzeko egoeran daudenentzako elkarte bat sortzea», adierazi zuen.

Aurkezpenean, Erika eta Eduardo Kolonbiatik etorritako asilo eskatzaileen egoeraren inguruko bideo bat ere proiektatu zen. Hiru seme-alaba dituzte eta guztiak elkarrekin heldu ziren EAEra duela pare bat urte. «Bizimodu erosoa genuen Kolonbian, gure karrera eta familiekin. Baina indarkeria egoerak bultzatuta erabaki genuen hona etorri eta hutsetik hastea», azaldu zuen Erikak. Kolonbian egindako ikasketak ezin izan zituzten homologatu, eta, beraz, berriz egin behar izan zuten prestakuntza, «eta jarduteko modu berri bat sortu». Orain, covid-19ren ondoriozko osasun larrialdiak beste behin geldiarazi ditu haien bizitzak..

Eskakizunak

Datorren uztailaren 12an EAEn egingo diren hauteskundeei begira, CEAR Euskadik Gobernu berriari asilo eske iristen direnen eskubideak errespetatzea eskatu zion, baita zerbitzu eta baliabide publikoak baliatzeko aukera bermatzea ere.