Maddi TXINTXURRETA
BASAURI

EH Bilduk zaintza eredua eraldatu nahi du

Adinekoei arreta emateko «EAJren eredua» agortutzat jota, EH Bilduk proposatzen duen irtenbidea azaldu du, eta, besteren artean, «aurrekaririk gabeko baliabide publikoen mobilizazioa» iragarri du.

Jasone Agirre EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburuak erresidentzien egoerari eta zaintza sistema defendatzeko beharrari heldu zion, atzo, Basauriko Bizkotxalde adinekoen egoitzaren aurrean egindako ekitaldian. «Merezi dugun herria adinekoak eta, oro har, herritarrak zaintzen dituena delako, bai eta zaintzen gaituztenak ere ongi zaintzen dituena».

Koronabirusaren krisiari erreferentzia eginez, azaldu zuen etor daitekeenerako prestatu behar dugula eta, ondorioz, Iñigo Urkulluren jarduna kritikatu eta nabarmendu zuen ez dela «guraizeak sartzeko garaia, zaintza sisteman eta egoitzetan inbertitzeko eta arlo publikoa bultzatzeko unea baizik». Horren ildotik, Bizkaiko hautagaiak zaintzen sektoreko langileei itxialdi garaian emandako txaloak ekarri zituen gogora, eta azpimarratu zuen EH Bilduk «soldata eta lan baldintza duinak dituzten langileak» nahi dituela, «ez heroirik, ezta hilabete amaierara heltzeko sekulakoak egin behar izaten dituztenak ere».

Hori dela eta, koalizioak «erakunde arteko funts bat sortzeko konpromisoa» hartu duela berretsi zuen: «Lehenik eta behin, egoitzetako langile guztiei 1.500 euroko aparteko ordainsaria ordaintzeko eta, bigarrenik, sektoreko soldata eta lan baldintzak hobetzeko. Egoitzetako langileek egindako ahalegin heroikoa aitortu eta baloratu behar dugu».

Baliabideen mobilizazioa

Agirrek gogorarazi zuen EAEko erresidentzietan 18.000 pertsonatik gora bizi direla, eta koronabirusagatik hildako hamar lagunetik lau egoitzetan bizi zirela. Horregatik, bere ustez, pandemiak «adinekoei arreta emateko EAJren ereduaren gabezia guztiak» azalera ekarri ditu, eta, Urkulluren eredua agortutzat jota, EH Bilduk proposatzen duen irtenbidearen berri eman zuen, bi fasetan. Lehenbizi, «aurrekaririk gabeko baliabide publikoen mobilizazioa» proposatu zuen hautagaiak, banakako gelen kopurua handitu eta plaza berriak irekitzeko. Azaldu zuenez, ahalegin ekonomiko horrek adinekoek egunean gutxienez bi orduko arreta zuzena jasotzea ahalbidetuko luke. Gainera, egoitzen gaineko kontrol publikoa ezartzea defendatu zuen, «administrazioek zentro pribatuetan esku hartzeko eskumena atxikiko dutelako».

Bigarren fasean, adinekoentzako egungo arreta eredua «lehenbailehen» berrikusiko luketela ziurtatu zuen Agirrek. «Pandemian gertatutakoa argitu beharko da, oraindik galdera asko daudelako erantzuteko. ‘Normaltasun berrian’ hartutako zenbait neurriren berrikuspen etikoa ere premiazkoa da; izan ere, badirudi neurri horiek gehiago erantzuten diotela agintarien segurtasunari erabiltzaileen segurtasunari baino», adierazi zuen, alde horretatik, EH Bilduko kideak.