Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Politika ofizialak negatiboak nahiago

Ez dakit nondik hasi, zein haritatik tiraka hasi, kanpaina honek buruan utzi didan mataza askatzeko. Eskerrak ez diodan segimendu estua egin, akabua bestela! Politika esaten den eremu hori, are gehiago hauteskunde garaian, ez da batere aproposa ideien eztabaidarako, mahai baten bueltan «ez», «bai» edo «segun eta» ibiltzeko. Ez horixe! Agintaritzatik bakarrizketa da nagusi, gobernantza kontuetan asintomatikoak diren horiena. Politika ofizialak Euskal Herriko heren honetan 39 hartzen du egonkortasun seinale. Eta kito! Baina nago ni, egonkortasuna hartzen bada helbide, zelan helduko gara aldaketa izango den helmugara? Hortxe koxka, ia zerbait aldatu nahi duten ala bakarrik egonkortu errotondaren kudeaketa. Amen!

Beti entzun dut botoa emateko eskubidea berezkoa dugula. Esan ez digutena da balizko eskubidea dela, auskalozkoa bera, birusak baldintzatuta. Hortaz, positiboa bazara ezin botoa eman! Negatiboa bazara joan! Politika ofizialak negatiboak nahiago, positibo aktiboak baino. Harrapa ezak/n! Irak/n! Eskubideak eskubide baldintzatuak direnean... Eta Jaurlaritzak aurreikusi ez! Arazo larria du horrek ikusmenean, ez du ez aurreikusten ez atzeikusten ere; egia esan, ez du horren beharrik errotondan etengabeko norabide bereko biran egoteko... ez ezker ez eskuin zer horretan gustu hartu dio gurpilari. Lehengoan dut non edo non irakurri: «Ezin duzu irtenbide bat hautatu, aurretik kontuan hartua ez baduzu»... eta Jaurlaritzak ez zuen kontuan hartu!

Total, irudia pasatu zait burutik, “Titanic” hondoratzen eta bidaiariei PCRak egiten beheko geletan. Marx anaien hura gogoan gaurkoa irudikatzeko, Zaldibarren kasuko. Ea Legebiltzar berrian leihoetarako Renove plana jartzen duten, hango Ganberan ez baitago leihorik, zin dagit. Ganbaran bai, ordea! Iradokitzailea gero, bestelako normaltasunerako...