Andoni ARABAOLAZA
ALPEAK

«Incroyable»-k arrastoa utzi du Pilier Rouge du Brouillard-en

François Cazzanelli, Francesco Ratti eta Matteo Della Bordella italiarrek gehienez 8a zailtasuna duen 290 metroko bidea zabaldudute. Hilaren 8an jarri zioten puntu gorria. Marraren giltza 4.000 metroko kotatik gora dago.

Mont Blanc-eko aurpegi basatienean dago Pilier Rouge du Brouillard. Beraz, leku zorrotza da eskalada zein alpinismoa praktikatzeko. Jakina, zutoin horretan sorkuntza-lanetan jardun duten protagonista guztien izenek sona handia dute. Arrastoa uzten lehenak Walter Bonatti eta Andrea Oggioni historikoak izan ziren; horiek zabaldu zuten aura berezia duen horma horretan lehen bidea.

Pilier Rouge du Brouillard-en ateak zabaldu zituzten, eta lekukoa hartu zutenek historia hori bizirik mantentzea lortu zuten. “Razzia” asko egon ziren; batez ere, 80ko eta 90eko hamarraldietan. Michel Piola, Patrick Gabarrou... zigilua utzi zuten.

Urrezko garaiak atzean geratu dira, bai, baina badira aipatu dugun arrasto horretan burua sartu nahi izan dutenak. Nahia, gainera, emaitza bikain bihurtu da. François Cazzanelli, Francesco Ratti eta Matteo Della Bordella italiarrek jakin izan dute aurreko belaunaldietako eskalatzaileen zein alpinisten espiritua ondo zaintzen. Ekainaren 30ean eta hil honen lehenean “Incroyable” bidea ireki zuten. 290 metro luze da, eta gehienez 8a maila du; halabeharrez, 7b zailtasuna gainditu behar da. Marraren giltza, berriz, 4.000 metrotik gora dago. Hots, garaierari zein zailtasunari dagokienez, Mont Blanc-eko mendilerroan dagoen luze gogorrenenetarikoa (gogorrena ez bada) da.

Gogora dezagun, zutoin horren oinarria 3.800 metrora dagoela, eta hara heltzeko hurbilketa bidea ez dela batere samurra. Guztiz kontrakoa: jarduera gisa har daiteke.

Aipatu ditugun bi egun horietan eman zion forma hirukote italiarrak “Incroyable”-ri; hil honen 8an talde berak, baina Isaie Maquignaz-ekin, Pilier Rouge du Brouillard-en sortutako proposamen berriari puntu gorria jarri zion. Luze guztiak partekatu zituzten, gainera.

“Santutegi” horretan zabaldutako azken bide hori Mont Blancen dauden ohiko azpiegituretatik at dago. Orain arte ireki diren marrak aztertu, horma begiratu eta bazirudien ez zegoela beste bat sartzeko tokirik. Baina Della Bordellak gaitasun berezia du han edo hemen zirrikituren bat edo beste bilatu ahal izateko. Hobeto esanda, aurkitzeko. Eta, gainera, kalitatezkoak. Zutoinaren erdi-erditik jaio da “Incroyable”. Hain zuzen ere, bi maisulanen artean: “Gabarrou-Long” eta “Anneaux magiques”. Eta harrigarriena da bi bide horiekin lau metro soilik partekatzen dituela. Della Bordellak berak 8a maila duen bosgarren luzea biribildu zuen, eta haren kideek beste luzeak askatu zituzten.

290 metro eta estilo bikaina baino bikainagoa, proposamen berria sortzeko: italiarrek zabaldutako zortzi luzeetan 20 parabolt jarri zituzten, eta bat bilera bakoitzean.

Horiek dira Pilier Rouge du Brouillard-ek jaso berri duen ekarpenaren lerroburuak. Jardueraren “buru” izan den Della Bordellak kontatu dizkigu esperientziaren nondik norakoak.

«Incroyable»

«Eskaladako bide berriak zabaltzea erabat atsegin dut. Eta Mont Blanc-eko granito eder horretan hori egitea amets erakargarri bat da. Azken urteotan, neure buruan jira eta buelta ibili da. Eta onartu behar dut xede hori ia-ia baztertuta nuela; izan ere, inguru horretan arrastoa utzi nahi nuen, baina bestetik, historia handia duen horma horretan proposamen eskasa egingo ez ote nuen beldur nintzen.

Piolaren ‘Anneaux’ eta oso zuzena, agerikoa zein estetikoa den ‘Gabarrou-Long’ errepikatu ondoren, honakoa hau esan nion neure buruari: ‘Carpe diem. Saiatzeko unea da: orain edo inoiz ez’. Gainera, jarduera hau egiteko atmosfera berezia zen oso; izan ere, covid-19aren birusagatik Eccles-eko bibakak itxita zeuden, eta horrek inguru basati horretan bakar-bakarrik egoteko aukera erabat indartu zuen.

Abentura berri honetarako ohiko lagunei deitu nien baina, zoritxarrez, den-denak lanpetuta zeuden. Une egokia zen, beraz, talde berri bat sortzeko. Nahiz eta François eta Francescorekin gutxi eskalatu dudan, jakin banekien oso eskalatzaile indartsuak direla. Ez nuen aukera hori baztertu nahi eta denbora asko galdu gabe abiatu ginen.

Ekainaren 30ean, Monzino izeneko aterpean gaua igaro ondoren, martxan jarri ginen. Estiloa eta eskarmentua kontuan hartuta, taldekide bakoitzak bere ardura hartu zuen. François-ek, adibidez, hasierako plaka teknikoak lideratu zituen. Segituan ohartu ginen aukeratuko marra horrek kalitate handia izango zuela. Luzeen arabera, sokaburuaren lekukoa pasatu genion elkarri. Arazo handirik gabe, oso agerikoa den gorri koloreko hormaren oinarrira heldu ginen. Puntu jakin horretan, pareta tente jartzen da. Bosgarren luzea aurrez aurre genuen; hots, bidearen giltza. Nire lagunek hura lideratzeko aukera eman zidaten. Onartu behar dut luze hori asko aztertu nuela, eta gogo izugarria nuen bertan sokaburu gisa saiatzeko. Ahalegin handia eskatu zidan, besteak beste, paraboltak jartzeko orduan. Zutoina itzalean gorde zenean, Francescoren txanda izan zen. Luze hori oso ikusgarria da, diedro oso teknikoa, non norberaren burua segurtatzeko tresneriak garrantzi handia hartu zuen. Gaua iritsi zenean, bosgarren luzean dagoen erlaitzera jaitsi ginen. Gaua oso erosoa den bibakean igaro genuen.

Biharamunean, zintzilik utzitako azken bi luzeak zabaldu genituen. Arrokaren kalitatea oso ona zen, eta eskalada, bikaina. ‘Anneaux magiques’ bukatzen den lekuan, hots, zutoin gorriaren gailurrean, lanak bukatutzat eman genituen. Era horretan jaio zen ‘Incroyable’.

Behin bidea zabalduta, lan horri puntu gorria jartzea falta zitzaigun. Handik astebetera itzuli ginen, hilaren 8an. Taldeari beste kide bat batu zitzaion: Isaie Maquignaz. Bi sokada independente sortu genituen. Bosgarren luzea nuen buruan. Isaiekin eskalatu nuen, eta bi taldetan banatzeak kontzentratzeko aukera eman zidan. Luze hori oso teknikoa izateaz gain, pauso oso gogorrak ditu; halabeharrez gainditu behar direnak. Zorionez, atseden hartzeko leku onak ditu. Amaieran dagoen sekzioak asko eskatzen du; izan ere, oso bertikala da eta milimetro bat baino gutxiagoko bi helduleku ditu. Horrek guztiak buruari zein sasoiari asko eskatzen die.

Lehen ekinaldian huts egin nuen. Bigarrenean ez nuen asmatu eta erorikoa izan nuen berriro. Baina hirugarrenean arrakasta izan nuen. Beharrezko atsedena hartu ondoren, askoz ere eskalada eraginkorragoa egin nuen. Aurreko ekinaldietan ez bezala, oso-oso txikiak diren bi helduleku horiek ondo hartu eta bilerara erorikorik gabe iristea erdietsi nuen.

Franceso eta François atzetik etorri ziren. Eta aurreratu behar dut taldekide bakoitzak lideratutako luzeak era askean igo zituela.

Zalantza izpirik gabe, onartu behar dut esperientzia arras ederra izan dela. Talde-lanak ondo funtzionatu du!».