Ane URKIRI ANSOLA
EUSKAL PRESOAK, SAKABANAKETA ETA COVID-19

MOTXILADUN UMEEN EGONEZINA, GURASOAK URTE ERDIZ IKUSI GABE

ETXERA!» ZIOEN PANKARTA APAINTZEN AURKITU GENITUEN DURANGOKO ZUHATZOLA PARKEAN ZENBAIT HAUR. AITA, AMA EDO BI GURASOAK ESPETXEAN IZATEAK BATZEN DITU GUZTIAK, ETA HILABETE LUZEZ EZIN IZAN DITUZTELA IKUSI. MOTXILADUN HAUR ETA NERABE HAUEK LEHENDIK ZUTEN EZINEGONA AREAGOTU EGIN DELA OHARTARAZI DU SARE HERRITARRA EKIMENAK.

Olatz eta 5 urteko bere alaba otsail hasieratik daude Murtzia II espetxera ezin joanda. Haurrak sei hilabetean ez du aita ikusi eta, amaren esanetan, nekez ulertu du zergatik ezin zen aita ikustera joan. «Koronabirusaren aferagatik zela azaltzen saiatu naiz, baina oso zaila egin zaio», kontatu zion GARAri Donibane Lohizunen bizi den emakumeak.

«Hilabete hauetan gauza asko pasatu dira, bere urtebetetzea tartean; ohartu da zerbait gertatzen zela eta gogorra izan da», gehitu du. Hilabete hauetan espetxetik astean zortzi telefono dei jasotzeko aukera izan dute.

Ondo bidean, abuztuan bisita familiarra egiteko aukera izango dute; otsail hasierakoaz geroztik, lehenengoa. Nolanahi ere, ziurgabetasunez begiratzen du, egoera aldakorrean murgilduta gaudelako eta Gobernu frantsesa Estatu espainoleko mugak ixtea pentsatzen dabilelako. Horrek are handiago egingo luke Olatz eta bere alabaren ezinegona.

Egoera korapilatsu hau beste 100 motxiladun haurrek ere pairatu dute eta pairatzen dute. Sare Herritarrak antolaturiko agerraldian ohartarazi zuten jada sakabanaketak suposatzen zuen zigor hirukoitzari laugarrena batu zaiola koronabirusa arrazoi –edo aitzakia– dela.

«8 urte ditut eta nire aita beti egon da kartzelan. Baina ateratzen denean belaontziz munduari buelta emango diogu», zioen atzo Durangoko Zuhatzola parkean erakutsi zuten koadro batek. «Aitatxo ikusteko 9 ate igaro behar ditut. Azken atea irekitzean aitaren gainera salto egiten dut eta gauza pilo batera jolasten gara», dio beste motxiladun haur baten testigantzak.

Hilabete luzez aurrez aurre ikusi gabe egon beharra batu zaie aurreko sufrimenduei: egunerokoan guraso presoarekin egon ezina, gurasoei aplikatzen zaien salbuespen legedia dela-eta noizbait etxean izateko esperantza ere ukatzea, eta haiek ikusteko egin beharreko milaka kilometroak.

Pausoak ematea, urgentea

«Zein agintari, politikari, epaile edo herritarrek onartuko luke hainbeste hilabete bere seme-alabak ikusi eta besarkatu gabe egotea?». Oihana Mujikak bota du galdera. Berarekin batera, Eider Zuriarrainek urruntzeak zer nolako mina eta haserrea eragiten duen azaldu zuen: «Haserre gaude. Minduta. Inpotentzia handia sentitzen dugu».

Ehunka haurrek otsail bukaeratik edo martxo hasieratik daramate beraien aita, ama edo biak ikusi gabe; edo arestian aipatu Olatzen kasuan bezala, otsail hasieratik.

Mujikak eta Zuriarrainek diotenez, duela bizpahiru aste baimendu zituzten lokutorioko bisitak Estatu espainoleko espetxeetan baina, oraindik ere, kartzela gehienetan ezin da aurrez aurreko bisitaldi familiar eta elkarbizitzakorik egin.

Zenbait espetxetan abuztuan aurrez aurreko bisitek baimendu gabe jarraituko dute, beste zenbaitetan bai; «baina nork ziurta diezaguke egoera ezegonkor honetan hori horrela izango dela?». Ziurgabetasun handiko uneak bizi ditu gizarteak, oro har, eta horren dimentsioa areagotu egiten da urrun dauden euskal preso politiko eta beren senitartekoen kasuan.

Estatu frantseseko kartzeletan uztailean berrekin diete bisitei eta musukoa erabiltzea edo gurasoa ez ukitzea ezinbesteko neurri bilakatu dira senitartekoak sei hilabete luzez ikusi gabe egon ostean ere.

«Badira aste batzuk ‘normaltasun berria’ kontzeptua entzuten ari garela eta guretzat ‘zaharrak berri’ izaten jarraitzen du; motxiladun umeak gurasorik gabe bizitzera kondenatzen ari baitira», kontatu zuten.

Sakabanaketa ezin dela gehiago luzarazi nabarmendu zuten senideek; are gutxiago, pandemiak sortutako egoera hau gehitu zaionean. Alderaketa eginez, aipatu zuten jende askok bere opor-bidaiak albo batera utzi dituela, baina beraiek, aldiz, hainbat probintzia zeharkatu behar dituztela senidea ikusteko, umeen kasuan beren ama, aita edo biak. «Gasolindegietan geratu behar dugu, ostatuetan igaro behar dugu gaua. Noiz arte? Zergatik?».

Euskal Herriak “normaltasun berria” behar duela nabarmendu zuten. «Denok hobe biziko garen normaltasuna –zehaztu zuten–, haurrek beren gurasoekin egoteko aukera ukatua egongo ez den normaltasun berria, euskal presorik gabeko normaltasuna, besteak beste. Behar dugu eta posible da».

Euskal presoek «aspaldi» behar luketela Euskal Herrian asdarrikatzen dute, «aspaldi» egon behar luketela etxetik gertuen duten espetxean. Beraiek konponbidearen eta bakearen aldeko urratsak egiten ari direla azpimarratu zuten, baina ezinezko suertatzen dela elkarbizitzan aurrera egitea «gaur [atzo] azaleratutako egoera hauek mantenduz gero».

«Ezinbestekoa eta urgentea da preso eta iheslarien auzian benetako urratsak egitea», azpimarratuta, Arartekoarekin eta Gobernu espainoleko delegatu Denis Itxasorekin bilera eskatu dutela aurreratu zuten.

Espetxean dauden haurrak

Espetxean dauden haurren egoera latza ere kontuan hartzekoa da eta hala aitortu zuten atzo ere. Aranjuez eta Picassenteko kartzeletan daude Izadi, Irati eta Ilargi, oraindik familiakoak aurrez aurre ikusi gabe eta bizikidetza-baimenak onartu gabe. Gainera, Sare Herritarra ekimenak jakinarazi zuen, hainbat arrazoirengatik, hiru ama hauek 10-15 eguneko konfinamendua egin behar izan dutela; horietako bik, umearekin 21 orduz zelda barruan egoteko derrigortasunarekin.

Haur hauek, pandemiaren aurretik, asteburuak senideekin kanpoan pasatzen zituzten, beraien heziketarako beharrezko prozesua baita. Irteera hauek oraindik etenda daude eta kezka dute hauen «erritmo eta egokitzapenean» etenaldi luze honek izan dezakeen eraginagatik.

Bestalde, «ongi etorri goxoa» eman nahi izan zioten larunbatean jaio zen Maddiri, honek bere ahizpa Xua eta amarekin batera Usurbilen egon behar duela tinko aldarrikatuz.

ADIERAZPENAK

«Gauza asko gertatu dira, bere urtebetetzea tartean; ohartu da zerbait gertatzen zela eta gogorra izan da»

OLATZ

Murtzia II espetxean dauka bikotekidea

«Motxiladun umeak gurasorik gabe bizitzera kondenatzen ari dira»

OIHANA MUJIKA

Sare Herritarra