Andoni ARABAOLAZA
ALPEAK

Grandes Jorasses-en zirrikitua aurkitu du «Mad Max»-ek

Jeremy Brauge, Victor Saucede eta Jerome Sullivan frantziarrek izen hori jarri diote laumilakoaren ekialdeko aurpegian zabaldu berri duten bideari. Denera, 800 metro ditu, eta ED+ (7a+) zailtasuna. Jardueraren estiloa oso garbia da; parabolt bat soilik jarri dute.

Himalaia, Karakorum eta Andeak mendilerro garaiek etenaldi behartua dutenez, alpinista zailduen kolektiboa mendi eta hormatzar txikiagoen aldeko apustu sendoa egiten ari da. Berri gehienak, jakina, Alpeetatik iristen ari dira. Protagonista horiek baieztatzen dutenez, aukera ederra dute etxe ondoko “jolas-eremuetan” gogor estutzeko.

Joan den igandean, adibidez, aipatu genizuen Matteo Della Bordella, François Cazzanelli eta Francesco Ratti italiarrek goi mailako sorkuntza lana biribildu zutela Mont Blanc-eko Pilier Rouge du Broullidard-en. “Incroyable” (290 m, 8a, 7b+ halabeharrez) izeneko bidea zabaldu zuten. Bada, joan den 18an, hormatzarretan espezialista den Federica Mingollak marraren lehen errepikapena sinatu zuen. Luze guztiak, gainera, era askean eskalatu zituen. Hori gutxi ez, eta jarduera horren bezperan, mendilerro berean, Aiguille Noire de Peuterey-n dagoen “Ratti” bide historikoa igo zuen. Beste behin ere, italiarrak argi eta garbi erakutsi du hormatzarretan egiten den eskaladan nesken artean lehen lerroan dagoela.

Hori guztia aipatu ondoren, eta ingurune horretatik irten gabe, goi mailako beste aktibitate baten berri eman behar dizuegu. Aipatu ditugun italiarrek hiruko frantziar bati lekukoa eman, eta Grandes Jorasses-eko ekialdeko aurpegian bide berria zabaldu berri du.

Hauek dira protagonistak: Jeremy Brauge, Victor Saucede eta Jerome Sullivan. Bada, hil honen 8an eta 9an “Mad Max” izeneko proposamen berria sortu dute. 800 metro luze da, eta ED+ (7a+) zailtasuna du.

Bideari eman dioten izen horrekin alpinista frantziar hauek kide zendu bati omenaldia egin nahi izan diote: «Joan den urtean, Pierre Labbre-rekin Aiguille du Plan eskalatzen ari zela, behin betiko galdu genuen. Geuretzat inspirazio iturria zen, batez ere Grandes Jorasses-eko ekialdeko horman eginiko jarduerengatik. ‘Groucho Marx’ eta ‘Borat’ bideak, adibidez, era askean igo zituen».

Marra berria mendiaren ekialdeko aurpegian zabaldu dute; hots, oso urruti dagoen eta bisita gutxi jasotzen duen horma horretan. Arroka purua eta garbia; bai, eite horien aldeko apustu gardena egin dute. Sona handia duten bi marren artean aurkitu zuten lekua: Giuseppe Gagliardon eta Giusto Gervasutti italiarrek 1942. urtean zabaldutako bide klasiko zein futuristikoaren eta Philippe Batoux eta Lionel Daudet frantziarren “Little Big Men” marraren artean.

“Mad Max”-en egileek diote arroka bikainarekin egin dutela topo: «Asko gozatu dugu. Lehen zatiak plakak eta artesiak ditu; zailak babesteko. Zortzigarren bileran “Gervassutti” bidearekin bat egiten du. Marra horren A2 zailtasuneko luzea egin ordez, eskuinaldera jo genuen. Bidearen giltza izan da: 7a+».

Azpimarratzeko beste datu bat frantziarrek jarduera honetarako erabili duten estiloa da. Oso garbia. Parabolt bat bigarren bileran, besterik ez dute jarri. Hein handi batean, horiek dira alpinistok aurreratu dizkiguten lerroburu nagusiak. Alabaina, Sullivanek informazio gehiago helarazi nahi izan digu, eta hurrengo lerrootan luze eta zabal hitz egingo digu “Mad Max”-en jardueraren inguruan.

«Mad Max»

«Covid-19 birusak uda berezia utzi digu. Geure uste apalean, denboraldi oso egokia ‘prestatu’ du mendi alpinoetan jarduera interesgarriak egiteko. Aste gutxi batzuen buruan, alpiniston talentua eta grina bizkortu egin dira. Goi mailako eskaladak ugaritu dira; badirudi mendi gidariok itxialdiarengatik izan dugun lan apurrek baldintza perfektuak sortu dituztela ‘piztiek’ dituzten plakak eta artesiak era askean igo ahal izateko. Lagunek Grandes Jorasses-eko ekialdeko hormara bidaia bat proposatzen dutenean, argi eta garbi dut aukera ederra dela guk ere oso zorrotza den inguru horren eraikinean harria jartzeko.

Goizean Hirondelles izeneko lepora heldu ostean, arratsalde osoa prestakuntzekin buru-belarri ibili ginen. Lo-zakuak egokitu eta gaua igaro genuen. Biharamunean, oso goiz hasi ginen. Sekzio batean goialdetik erortzen ziren arrokak saihestu nahi genituen, eta azkar batean iritsi ginen eskalada hasten den lekura. Zailtasun teknikoak dituen lehen luzea goizeko zazpietan hasi genuen. Hirurok ala hirurok onartu genuen guk aukeratutako marra oso agerikoa zela. Ziur gaude askok honakoa esango dutela: ‘Guk ere ikusi genuen’. Ezustekoa izan genuen; izan ere, lehen bileran iltze batekin egin genuen topo. Gegek lideratu zuen luze hori. Bigarren luzean, berriz, pitzadurak zituen sabai interesgarri bat gainditu genuen. Denetarik du: oinak jartzeko leku onak, babesteko artesiak...

Sokaburuaren ardura nik hartu nuen. Luze horretan mailua eta iltzeak atera behar izan nituen. Iltzeak jartzen eskarmentu handia dut, eta hala moduz oso-oso laua den iltze bat jartzen saiatu nintzen. Lehen kolpean ez nuen asmatu eta hatz bat gorri-gorri utzi nuen.

Victorren ‘bidaia’ ederra izan zen oso. Plaken zein artesien artean nabigatu zuen. Arroka trinkoa zen, eta horrek ezkerraldera jotzera behartu gintuen. Gervasutti bidearen seigarren luzera heldu ginen. Plaka horietan parabolt bat jarri izan bagenu, orain arteko lana askoz ere zuzenagoa aterako litzateke. Baina, tira, agian beste batzuek egin dezakete. Guk argi dugu harkaitz horretan zentzurik ez duela zulorik egiteak.

Seigarren bilera horretara heldu ginenean, galdera hau egin genion geure buruari: “Bide italiarrak duen A2 mailako luzean ala eskuinaldera dagoen sekzio gogor batean sartuko gara? Bigarren aukera adostu genuen. Victorrek 50 metroko zeharkaldia egin zuen. Bidearen giltza, alegia. 7a+ atera zen; halabeharrez, 7a. Nahasia zein arriskutsua. Aldez aurretik ikusitako artesi batera heldu zen. Baina plaka trinko batek gelditu zuen. Geure pirineista bizardunak iltze bat jarri zuen, eta, ondoren, babesteko zailak diren metro batzuk eskalatu zituen. Oinek, gainera, irrist egiten zuten. Azkenean, zorioneko artesi bat aurkitu zuen; soilik berak amets egiten zuen zirrikitu horrekin. Bigarren iltze bat jarri zuen; hau ez zen batere ondo geratu. Eta, hala ere, 7a mailako blokeko mugimendu bati ekin zion. Bilera arte, tresneria jartzeko lekuak ez dira batere egokiak, baina eremu hori teknikoki errazagoa da.

Hotz egiten du. Gege hurrengo luzeetan buruan aritu zen. Oinak hotzak eta bustiak ditu. Eskalatzen ari den sekzioa zaila da. Saiatzen da, baina ezin du gainditu. A1 izan liteke; era askean, gutxi gorabehera 7b. Egoera hori ikusita, hirurok ala hirurok adostu genuen ordua zela kanpalekua antolatu eta atseden hartzeko.

Biharamunean, kalitate handiko beste bi luze eskalatu genituen. Ertzean sartu eta puntu gorenera oinez iritsi ginen. Inolako zalantzarik gabe, abentura handia, osoa eta basatia izan da. Merezi izan du saio eder honek».