01/08/2020

EDITORIALA
Jakintzan eta ekintzan, herriaren aldeko langilea

Euskal Herria Joan Mari Torrealdai hil ondoko doluz dago. Jakintzaren eta ekintzaren bi besoekin gure hizkuntza eta kultura ahaldundu eta amnesia eta errebisionismo historikoaren aurrean gure memoria kondentsatu zuen erraldoiak utzi gaitu. Idazle, kazetari, eta euskaltzaina izan zen. Eta, batez ere, langilea. Langile fina. “Jakin” da lan horren guztiaren emaitzarik bikainena, ziur asko. Bai aldizkaria, baita lantaldea ere. Euskal kulturgintzan zentsura frankistak izandako eragina sakonen ikertu zuen pertsona, desmemoria programatuaren arriskuez argien ohartarazi gintuena. Gertutik ezagutu eta larrutik ordaindu zituen berak Espainiaren atzaparkadak, “Egunkaria” indarrez itxita, atxilotu eta torturatu zituztenean.

Jakintza eta ekintza, gure iragana egiaren eta zientziaren bidetik aztertzea, euskararen alde proklamaziotik programaziora jauzi egitea izan dira bere ibilbide luze eta oparoan nabarmendu direnak. Torrealdaik bultzatu zituen proiektuekin, erakutsi zigun guztiarekin, Euskal Herria euskaldunagoa da egun, euskara jasoagoa da, gure memoriak defentsa indartsuagoak ditu. Izatez euskaldunak diren erreferentzia, testuinguru, informazio eta produkzio esparru gehiago eta hobeak ditugulako.

Torrealdai, baina, ez zen egindakoarekin bertan gozo gelditzekoa. Bere hitzetan, irudi baten bidez laburbiltzen zen euskalgintza, euskal kultura: txakolina. Lagun handia izan zuen Bitoriano Gandiaga poetak zioen bezala, «ardo nahi eta ezina». Asko kezkatzen zen eta sufritzen zuen, adibidez, ETBrekin, euskarazkoa erdarazkoaren osagarri nola egin den ikusita. Edo frankismoak Euskal Herria basamortu kultural egin nahi izateak gaurdaino izan dituen ondorioez ez aritzearekin, belaunaldi berriei ez kontatzearekin. Torrealdai ez zen besteek zer egin behar duten esan zalea, berak beti egin zuen berea, isil eta erraldoi, jakintza eta ekintza. Eredu hori geratzen da gurekin, gaurko eta biharko euskal herritarrentzat ondare gisa.