02/08/2020

Agirre-Eskiroz, Promozioko Binakako txapeldunak

Hutsez beteriko partida gogor batean, Peña II.a-Erasunen aurka irabazi dute.

Imanol CARRILLO
0802_kir_pilota

AGIRRE-ESKIROZ 22

PEñA II-ERASUN 20


Atzo, gorriz jantzitako Asier Agirrek eta Josu Eskirozek eraman zuten Promozioko Binakako Txapelketa, Iruñeko Labriten, partida gogor batean Peña II.a-Erasunen aurka irabazita.

Ez zen denek espero zuten finala izan, askotan gertatzen den bezala. Huts asko, gehiegi izan zituen finalak –20 zenbatu genituen lau pilotarien artean, eta sakez faltako beste bat gehitu behar zaio Peñari–. Hala ere, Asier Agirre –bere hirugarren finalean, bigarren txapela bereganatu zuen 25 urteko aurrelari iruindarrak– eta Josu Eskiroz pozik joan ziren etxera Peña II.a-Erasun bikoteari 22-20 irabazita eta txapelak eskuratuta.

Gorriak momentu oro ibili ziren aurretik markagailuan. 4-0 aurreratu ziren ziztu-bizian, gehienbat urdinek egindako hutsengatik. Aipatzekoa da 1-0ekoa, bikote urdinak ez baitzuen elkar ulertu eta pilota bien artean pasatu zen. Hasiera horrek markatuko zuen ondoren neurketa, hutsez betetako finala izan baitzen.

Urdinek launa eta bosna berdintzea lortu zuten, baina Agirre eta Eskiroz aurretik jarri ziren berriro 6-5ekoarekin. Oso tanto ederra izan zen, aurrelariak zabalean dejadaz amaitutakoa. Hortik aurrera, ondoren txapeldunak izango zirenak aurretik ibili ziren markagailuan.

16-10arekin –beste tanto eder bat hau ere, Agirrek bi paretekin amaitutakoa– bazirudien gorriek lanak erdi eginak izango zituztela. Baina ez zen hala izan. Eskiroz hutsak biltzen hasi zen –hiru zenbatu genizkion tarte honetan eta zazpirekin amaitu zuen– eta 17-17ko berdinketa ikusi zuten Labritera gerturatu ziren ikusleek.

21-18ra aldendu ziren gorriak hurrengo tantoetan, baina Peña –Lehen Mailakoekin esperientzia izan du, baina atzo deseroso eta urduri antzeman zitzaion zenbait unetan– ez zegoen amore emateko prest. Hala, bi tantori esker –atzean eta txokoan dejadaz egindakoak– 21-20ekoa jarri zuen markagailuan.

Erasun, erregularren

Peñak oso bizkartzain sendoa izan zuen atzoko finalean. Jon Erasun zizurkildarrak ondo eutsi zien gorrien kolpeei atzeko koadroetan. Gainera, egindako tanto bat zuen bere estatistiketan –atzean egindakoa–. Hala ere, unerik desegokienean, atzelari gipuzkoarrak partidako bere aurreneko hutsa egin zuen. Bere pilotakada txapara joan zen zuzenean eta, hala, txapela gorriei eman zien.

POLEMIKA


Promozioko Binakako Txapelketako finalak polemikarako tartea ere izan zuen. Markagailuan 9-6koa zegoela, epaileek Agirreren tantoa eman zuten (10-6), baina bazirudien pilotak txapan jo zuela. 17-17koan, berriz, Peñak «atxiki» egin zuela aldarrikatu zuen Eskirozek.