02/08/2020

Arria V.a–Izeta VI.a izan dira nagusi Binakako Pentatloi Txapelketan
Andres OSA «SAKONA»
0802_kir_herrikirolak

Tolosan jokatu zen San Inazio egunean, eguerdian, 610 ikusle bertan zirela, eguraldi beroa lagun. Zazpi bikote aritu ziren hiru taldetan banatuta. Egin beharreko lana, luzea ez, baina trinkoa. Hasteko, 100 kiloko harri biribila 40 aldiz leporatzea. Ondoren, giza proba, 400 kiloko harria tarra-tarra eramanez lau plaza egitea. Hirugarrena kana-erdiko lau pago enbor ebakitzea. Azken-aurreko lana, 50 kiloko txingak esku banatan hartu eta zortzi plaza egitea, eta azken proba, plazari itzuliak emanez lau kilometro egitea.

Lehenbiziko txandan hiru bikote aritu ziren eta, laburbiltzearren Peñagarikano eta Aizperro bikotea izan zen onena. Marka ona eginez azken unera arte txapela eta saria zein bikotek jasoko zuen zalantza bizia sortu zen. Biak ongi aritu ziren, baina beharbada Peñaren lana izan zen azpimarragarriena. Bigarren multzoko Xabier Zaldua-Jon Gisasola bikotearengan bazen esperantzarik, baina ezin izan zuten aurrekoen lana berdindu.

Hirugarren txandakoak, Arria V.a eta Izeta VI.a, itxaropentsu plazaratu ziren. Langintza hauetan kirolari berria izanik ere, Izeta VI.ak bikain erantzun zuen eta elkarren arteko txanda-emateak egokiak izan ziren.

Sailkapena honela gelditu zen: Arria V.a eta Izeta VI.a irabazleek aipatu lana burutzen 40 minutu eta 58 segundo behar izan zuten. Aurkarien markak jakitea ongi aprobetxatu zuten. Bigarren, Kepa Peñagarikano-Josean Olaskoa Aizperro, 41:53. Hirugarren, Zaldua-Zelai, 43:22. Laugarren, Arruti-Kañamares, 49:42. Bosgarren, Oussman Drame- B. Amade, 50:58. Seigarren, Jagoba Otaegi eta Jokin Eizmendi, 54:07 eta, azken, Iñaki Errazti eta Aratz Mugerza; azken hau ondoezik jarri eta azken-aurreko proban gelditu egin behar izan zuten.