02/08/2020

Pirinioak ezagutzeko aukera zabala,furgoneta lagun

Sua argitaletxeak «Rutas para conocer los Pirineos. Los mejores itinerarios en camper» gidaliburuaargitaratu berri du. Denera, zortzi ibilbide proposatzen ditu: hiru ipar isurialdetik eta bost hegoaldetik.

Andoni ARABAOLAZA
0802_men_lanazutabea

Abuztuari bi egun kendu dizkiogu, eta dagoeneko udako oporrak pil-pilean ditugu. Euskal herritar askok Pirinioak bisitatuko dituzte, eta ildo horri jarraituz interesgarria iruditzen zaigu Sua argitaletxeak egin berri digun proposamena zuenganatzea.

Gidaliburu bat kaleratu berri du: “Rutas para conocer los Pirineos. Los mejores itinerarios en camper”. Alegia, Pirinioak ezagutzeko parada ederra, baina zehazki furgonetaz joanda. Loli Flores eta Mario Cruz dira lanaren egileak. Bien zaletasunak agerikoak dira: mendia, natura eta bidaiak. Eta alabei ere helarazi diete bi protagoniston beren pasioa. Horretarako, familian bidaiatzeko, furgoneta (camper) ibilgailu arras interesgarria zela erabaki zuten.

Duela hamar urte hautu hori egin zutenetik, makina bat bidaia eta milaka kilometro egin dituzte: Europa, Maroko... Eta izaniko esperientzia guztiak publiko orokorrari hurbildu dizkiote. Horiek guztiak honako blogean daude ikusgai: www.viajandoenfurgo.com.

Zortzi ibilbide

Gidaliburuaren egileek argi dute: «Bidaia furgonetaz egiten badugu, balio berezia erantsiko diogu gure esperientziari: askatasuna izango dugu bidaide. Pirinioetan barrena abiatzen bagara, askatasunak Europako eremu natural eder eta basatienetako batean lagunduko gaitu».

Gidaliburu honek Pirinioetako bi isurialdeak bisitatzen ditu. Denera, zortzi ibilbide proposatzen ditu. Hiru hegoaldetik: Higer-Anso, Anso-Laspaules eta Pont de Suert-Cap de Creus. Eta beste bostak iparraldetik: Donibane Lohizune-Col d´Aubisque, Col de Soulor-Portet d´Aspert, Port d´Aspert-Ax les Thermes, Pas de la Casa-Sant Julia de Loria eta Enveigt-Pepinya.

Bide batez, aipatu behar dugu proposatzen diren bisitak, txangoak eta igoerak (track-ak) deskargatzeko (QR kodea) aukera dagoela. Eta lo egiteko lekuak GPS koordenatuekin.

Egileek ibilbide guztiak ahalik eta era erabilgarrienean diseinatu dituzte; betiere, nork bere bidaia planifika dezan: «Finean, guk proposamen bat egiten dugu, baina irakurleak esku artean duen informazioarekin aldatu eta ezberdin egin dezake. Furgonetan bidaiatzeak aukera eder hori ematen dizu. Bestalde, kontuan hartu behar da familiarekin bidaiatzen dugula, eta mendi-irteera guztiak haurrei zuzenduta daudela. Beraz, plan oso egokiak dira».

PROPOSAMENA


Sua argitaletxearen eskutik, Loli Flores eta Mario Cruzek «Rutas para conocer los Pirineos. Los mejores itinerarios en camper» kaleratu berri dute.