Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Txikia, Urra eta Zelai III.a izan ziren irabazle Aian

Aian jokatu ziren igandean Urrezko Aizkolarien eta Harri-jasotzaileen finalak, jendez betetako probalekuan. Ezusteko handi samarrak izan ziren, eta azpimarratzekoa, batez ere, Julen Alberdi Txikiak aizkora oso ongi erabiliz mendean hartu zituela alboan zituen faborito biak. Harri-jasotzen Mikel Lopetegi Urrak jantzi zuen txapela, baina hiru finalistak elkarrengandik gertu zirela. Emakumeen arteko deman, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Virginia Finolen arteko deman, mallabitarra izan zen garaile.

Esan bezala, Julen Alberdi Txikia da txapeldun berria, eta bere lana bukatzen 21 minutu eta 46 segundo behar izan zituen. Lan bikaina benetan. Mikel Larrañagak 22 minutu eta 58 segundo behar izan zituen, eta Euskal Herriko txapeldunak, Iker Vicentek, 23 minutu eta 40 segundo.

Harri-jasotzen, gizonezkoetan, Mikel Lopetegi Urra izan zen onena, 53 jasoaldi eginez. Bigarren Urdax Magunazelaia sailkatu zen, 52 jasoaldirekin, eta hirugarren Xabier Peña izan zen, 50 jasoaldirekin.

Azkenik, emakumeen harri-jasotze neurketak ezustekoa eman zuen irabazleari dagokionez: Karmele Gisasola Zelai III.ak 59 jasoaldi egin zituen; bat gutxiago, Virginia Finolek (52), eta Udane Ostolatzak harri arinagoarekin, 44 jasoaldi.

Latasa Saria, bertan behera

Koronabirusa dela-eta, aurten Sunbillan abuztuaren 9an egitekoa zen Ramon Latasa Sariaren 19. edizioa bertan behera uztea erabaki dute Ulibeltzak Elkarteko antolatzaileek. Gauzak horrela, eskerrak eman nahi izan dizkiete ekitaldian parte hartzekoak ziren kirolari guztiei eta babesleei.

Azken urteotan Sunbillako pilotalekua leporaino betetzea lortu da, baina aurten aipatu dugun pandemia dela eta, ez da jaialdirik izango. Ea datorren urtean posible den.