Mikel ZUBIMENDI
I

Notak ematerakoan irakaslearen aurretik algoritmoa jartzea fartsa klasista denean

Ustel atera da Boris Johnsonen irakaskuntza plana, algoritmo batek nota emateko apustua. Ikasleen errebolta piztu da egitasmoak ezberdintasun sozialak areagotu, elitismoa lotsagarriro elikatu eta eremu pobreetako ikasleak tontotzat hartu dituela argi geratu ostean.

Egin dezagun atzera, martxora, Erresuma Batuko lehen ministroak, Boris Johnsonek, pandemiaren hedadura gelditzeko, berandu, modu kaotikoan, berau zainketa intentsiboetako unitate batera sartu baino lehen, ikastetxeak ixtea erabaki zuen unera. Erabaki hori hartu zen momentutik, argi geratu zen milioika ikaslerentzat aurtengoa ikasturte ezohikoa eta estresagarria izango zela. Argi, ikasturte amaierako azterketarik ez zela egingo, ikasleen etorkizuneko perspektibak ez zirela beraien eskuetan egongo, erregulatzaileek diseinatuko zuten ebaluazio sistema baten mende baizik.

Jakinkizun zegoen maiatzean egon ohi ziren bi azterketa erabakigarriekin zer gertatuko zen –derrigorrezko bigarren hezkuntza guztiz markatzen duen GCSE eta ateratzen den notaren arabera unibertsitatera sartu ahal izateko ezinbestekoa den “A level”, garai bateko selektibitatearen antzekoa–. Gobernuak erabaki zuen GSCE proba pasa beharko luketen 15-16 urteko ikasleek eta “A level” proba egin beharko luketen 17-18 urtekoek aurten ez zutela azterketarik egingo. Eta aurrerago bilatuko zuela beste modu bat notak emateko, unibertsitatera joateko asmoa zutenentzako hil ala bizikoak, sarrera noten araberakoa baita.

Ikasleak faktore askoren araberakoa den errendimendua duten pertsonak baino, zenbaki huts, estatistika bihozgabe bihurtzen zituen jarraibideak oinarri zituen algoritmoa izan zen buruhauste horren aurrean Gobernuaren soluzioa. Algoritmo ditxosoak, irakasleen iritzia baino, irakasleen iruzkin eta gomendioak baino, ikasleen eskolen aurrekari akademikoak, eskolen eremu geografikoak, inguru pobretu edo dirudun batean egotea kasu, hartzen zituen kontuan.

Ikasle indibidualetan oinarritutako sistema bat sortu beharrean, are beren bizitzak eraikitzeko aukerak arriskuan jartzea zekarren pandemia egoera batean, erregulatzaileek noten banaketa estatistiko ohiko bati eman zioten lehentasuna, «nota onen puztea ekidin asmoz». Ofqual izeneko Ingalaterrako erregulatzaileak, hiru aldagai erabili zituen: iraganean irakasleek egindako ebaluazioak, ikasleak iraganean izandako errendimendua eta ikastetxearen historiala. Antzeko irizpideak oinarri hartuta, Eskoziako erregulatzaileek irakasleek egindako estimazioetan oinarritutako 124.000 ikasleren notak jaitsi zituzten. “The Guardian” egunkariak emandako datuen arabera, Ingalaterrako 250.000 ikaslek irakasleek emandako kalifikazioaren %40 baxuagoa zen nota jaso zuten. Ikasle horietako gehien-gehienak, eremu pobreetan zeuden ikastetxeetakoak ziren.

Ustel atera da esperimentua. Ikasle askorentzat, algoritmo horren arabera emandako notak irakasleek proposaturikoak baino askoz ere baxuagoak ziren. Ez zuten klasean egindako lana, emandako errendimendua, islatzen. Ez zuten, adibidez, maila akademiko baxua zuen eskola bateko ikaslearen ahalegin pertsonala kontuan hartzen. Aldiz, ikastetxe pribatuetako ikasleei mesede egiten zien algoritmoak, baliabide ekonomiko gehiago izateagatik eta ohituragatik, ikasle gutxiago dituzten klaseetara joan eta tutoreen eta irakasleen laguntza pertsonalizatuagoa jasotzen dutelako.

Algoritmoak gazte askoren ametsak zapuztu zituen. Nahi zuten unibertsitatera joan ahal izateko luzaroan gogor saiatu ondoren, sartu ahal izateko behar zuten notaren azpitik utzi zituen ditxosozko algoritmoak.

Baina ikasleen erreboltak, guraso eta irakasleen laguntzarekin biderkatu dena, Boris Johnsonen Gobernua atzera egitera behartu du. Algoritmoa lurperatu eta irakasleen notak onartuko dituela aurreratu berri du. Irakaskuntza ministro Gavin Williamsonek aitortu du «Gobernuaren erabakia kolpe latza» izan dela berarentzat. «Hartu nituen erabaki guztiak ikasleen onerako eta irakaskuntza sistemaren integritatearen alde hartu nituen», gaineratu du.

Baina kale egin duen operazio honek gauza asko, gauza askoz gehiago, erakutsi ditu. Algoritmoak desberdintasun sozialak nola areagotzen dituen nabarmendu du. Maila handiko ikastetxe pribatu edo publikoetara joateko “zortea” duten ikasleek eta pobretutako, bazterketa soziala nagusi den eremuetako ikastetxeetara doazenek aukera berdinak ez dituztela argi utzi du. Pandemiak hori baitauka: irakaskuntzan ala osasungintzan, lan segurua duten klase ertaineko familiak ez dira lana kolokan duten langile klasekoak bezain latz kolpatuak izan. Espero zitekeen bezala, etorkinen seme-alabak izan dira kaltetuenak.

Hondamendiaren ondoren, «Algoritmoak etorkizuna lapurtu dit» edo «Pikutara algoritmoa!» bezalako pankartak ikusi dira Erresuma Batuko hiri askotan. Eta politikaren eta eredu prediktiboen arteko loturaren inguruan kezka hedatu da. Izan ere, algoritmoak aspalditik daude gure artean. Pertsonen etorkizuneko potentziala modelatzearen ondorioak, ikasleek hain argi erakutsi eta auzitan jarritakoak, beste arlo batzuetan ere ematen dira: abusua jasan dezaketen umeen aurreikuspenak egiten dituzten algoritmoak daude, herrialde batera sartzeko bisak ebazten dituztenak, delitu bat egiteko zein pertsonak duen “posibilitate” gehiago erabakitzen dutenak... Bizitzan izan ditzakegun aukerak algoritmoen emaitzek baldintzatzen dituzte, goitik behera. Galdera, baina, hor geratu da: Erresuma Batuko ikasleen errebolta izan daiteke algoritmoez pentsatzen duguna aldatzeko inflexio puntua? Eta hala balitz, aldaketa iraunkorrik ekarriko al luke horrek?

Ofqual algoritmoa, funtsean, ideia politiko sakon baten gauzapen teknikoa baino ez da: bere zirkunstantziek diktatzen duten neurrian, eta soilik neurri horretan, izan daiteke pertsona bat ona. Algoritmoek emandako azterketen noten eskandalu itzelak erresistentzia mugimendu bat ernaldu du eta askok zekitena erakutsi du: erabakiak hartzeko modus operandi hau, urrats konputazional batzuk baino gehiago da, askoz gehiago dago atzean.

Oinarri dituzten diseinu eta suposizioengatik, algoritmoek munduari forma ematen diote. Datu bat sartzea edo kentzea, ezaugarri bat beste baten gainetik neurtzea, ez da erabaki tekniko hutsa. Eta kasu konkretu honetan, Ofqual algoritmoak erabaki zuen ez dela posible irakaskuntza on batek, lan neketsuak eta inspirazioak ikasle gazte baten bizitza eta notak determinatzea.

Emaitza algoritmikoa ez da erabaki arduratsu baten sinonimo. Auzi zailei modu ireki eta gardenean aurre egiteak, esaterako berdintasuna nola lortu behar den, gizarte batek erabaki etikoak hartzea eragiten du. Aitzitik, Ofqual opakutasun erabatekoan mugitu da, egiten ari zenaren inguruan, erabiltzen ari zen ereduen gaineko inolako argibiderik eman gabe. Beraien ikuspegia bestelakoa zen: algoritmoak jabea dauka, informazioa erreserbatua da. Azken batean, opakua da beren mundua. Eta, jakina, ez zuten argibiderik eman beharrik ikusi.

Nolabait, algoritmoak xarmagarriak dira, erakargarriak oso. Gobernuei erabateko eta behin betiko soluzioen xarma eskaintzen diete, erabaki oso zailak emaitza sinplifikatu bihurtzeko promesa. Logika hori oso arriskugarria da, politika demokratikoaren kontra baitoa, zuzen-zuzenean. Munduaren ikuspegi algoritmiko horrek, sistema opakuen “sendotasuna”, “baliagarritasuna” eta “optimizazioa” defendatzen du, demokraziarentzat ezinbestekoak diren desafio publikoentzat espazioak itxiz.

Azken asteotan, pandemiaren larrialdiaren erdian, ikasle britainiarrek algoritmoaren politika biluzi dute. Erakutsi dute beren “A level” azterketetarako erabili dituzten algoritmoek berdintasunaren eta justiziaren azterketa ez dutela pasatzen. Erakutsi dute Boris Jonhsonen Gobernuaren inkonpetentziak begien bistara utzi duen irakaskuntzaren desberdinkeria ez dela harritzekoa. Ez zegoela batere sorpresarik. Edo egotekotan, sorpresarik gabeko sorpresa egon dela, ingelesez esaten den bezala, «business as usual».

All about I