GARA
LIMa

Peruk hilkortasun errekorra gertu du: 84 hildako 100.000 biztanleko

Peru pandemia garaiko hilkortasun tasarik altuena duen herrialdea bihurtzetik oso gertu dago. Covid-19ak eragindako hildakoak 27.000 dira ofizialki Perun, baina erregistro zibiletako datuak aztertuta eta aurreko urteetan herrialdean izandako heriotzak eta pandemia hasi zenetik izandakoak alderatuz gero, errealitatean hildakoak 63.000 inguru direla uste da. Andeetako herrialdean, gainera, 567.000 kutsatze baino gehiago metatu dira dagoeneko eta, ondorioz, baieztatutako kasu gehien dituen munduko seigarren estatua da.

Atzo arte ofizialki konfirmatutako 27.034 hildakoekin, covid-19 gaitzaren heriotza-tasa 100.000 biztanleko 84 hildakokoa da Perun. Belgikak bakarrik ditu datu okerragoak: 87 hildako 100.000 biztanleko. Hori bai, bi herrialdeen artean alde nabarmen bat dago: Belgikak bere datuetan covid-19 gaitzaren ondorioz hil izana posible dela uste duen pertsona guzti-guztiak sartu ditu, ez soilik konfirmatutako kasuak Peruk bezala.

Ekainean, Peruko Osasun Ministerioak aditu talde bat osatu zuen, datuak bateratzeko misio bakarrarekin. Horretarako, heriotza aktak banan-banan berrikusten ari dira, covid-19aren ondorioz hildakoak benetan zenbat diren zehaztu ahal izateko. Osasunaren Mundu Erakundeak estatuei heriotza susmagarri guztiak kontuan hartzea gomendatu ondoren hartu zuen erabakia, gaixotasunak biztanlerian duen eragin hilgarria baloratzeko. Ondorioz, milaka kasu berrikusi dituzte eta jada birritan zuzendu ahal izan dute hildako kopurua, ia 8.000 heriotza gehiago zenbatuz oraingoz.

Kanposantuetako jarduera etengabea da eta hildakoak lurperatzeko leku falta izaten ere hasi dira. Covid-19aren ondorioz hildakoak kanposantuetako goiko aldeetan lurperatzen dituzte, eta, nitxo bat ordaindu ezin dutenak, mendi mazelan zanga batean sartzen dituzte, gurutze batekin seinale bakar gisa. Oso hilabete gogorrak igaro ostean, itxaropen izpi bat agertu da asteon, heriotza erritmoak behera egin baitu. Orain arte, 600 bat heriotza izaten ziren egunero.