GARA
IRUÑEA

Bizkaiko zahar etxeetako bi egoiliar hil dira, olatu berriaren lehen biktimak

Bizkaiko egoitzetako bi pertsona hil ziren atzo koronabirusagatik, pandemiaren bigarren olatu honetan zendu diren lehenengo egoiliarrak, Bizkaiko Foru Aldundiak ohar batean jakinarazi zuenez. Horietako bat ospitalean zegoen, eta bestea Birjinetxeko unitate espezializatura bideratu zuten. Biek patologia larriak zituzten aurretik.

Gainera, Barrikako Elorduy zahar-etxean covid-19ko foku berri bat antzeman zuen Bizkaiko Aldundiak. Ospitaleratutako bi egoiliarrek positibo eman ondoren, zentroaren baheketa osoa egin behar izan zuten (guztira 67 erabiltzaile eta 39 profesional).

Atzo goizean ezagutu ziren proben emaitzak: 31 erabiltzailek positibo eman zuten, horietatik 27k sintomarik gabekoak. Profesionalei egindako probei dagokienez, lau positibo atzeman zituzten. Proben emaitza gehiagoren zain dago Bizkaiko Aldundia.

Barrikako gune berriaz gain, gaur egun kaltetutako egoiliarrak dituzten beste hiru zentro daude Bizkaian: Truiuondo-Zamudio (26), IMQ Igurco Zorrozgoiti-Bilbao (28) eta Miranda Fundazioa (bat).

Ildo horretan, koronabirus bidezko infekzio kasuak artatzen dituen Birjinetxeko unitate soziosanitarioak 77 pertsona hartu ditu. Horietatik 59 zahar etxeen sarearen erabiltzaileak dira, eta 18 hauskortasun-egoeran daude, ospitaleratu ondoren negatibo eman arte berrogeialdia egiten ari direnak.

Sei positibo Gipuzkoan

Donostiako Hermano Garate-San Ignacio adinekoen egoitzan erregistratutako positibo berriei dagokienez, seira igo dira erabiltzaileen arteko kutsatzeak, Gipuzkoan diagnostiko positiboak dituen bakarra. Foru Aldundiak atzo ohar batean azaldu zuenez, positibo eman duen pertsonaren aurreko kasu guztiak detektatu ziren solairu eta sektore berean bizi zen.

Bestalde, Aldundiak zehaztu zuen egoera epidemiologikoaren bilakaera ikusita, Zarauzko, Mutrikuko eta Arrasateko Aita Menni Ospitaleko zahar etxeetako irteerak eta eguneko zentroetako jarduerak astebetez bertan behera uztea adostu duela.

Azpeitian erroldatutako senitartekoek eta hurbilekoek Gipuzkoako zahar etxeetara egiten dituzten bisiten etenaldia ere beste astebete luzatuko den berri eman zuen atzo Aldundiak. Bestalde, zahar etxeetatik irteteko eta Elgoibarko eguneko zentroa irekitzeko baimena eman dute.