EDITORIALA
EDITORIALA

Ignacio Ellacuriarentzat justiziaren bidea ireki da

Hogeita hamaika urteren buruan, Auzitegi Nazionalak 133 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Inocente Orlando Montano El Salvadorreko koronel eta Segurtasun Publikoko ministrorde ohiari, Askapenaren Teologiaren bultzatzaile eta teorialarietako bat, Ignacio Ellacuria euskal jesuita, hiltzeagatik, 1989an El Salvadorreko Universidad Centroamericanan (UCA). Sarraski hartan, beste bost jesuita eta egoitzako langile bat eta haren 15 urteko alaba ere hil zituzten militarrek.

Joan den mendeko 80ko hamarkadan Erdialdeko Amerikako herrialdean zegoen egoera gordinean, alegia, Armadaren eta FMLNren arteko gatazkak markatutako testuinguruan, kokatzen du ebazpenak sarraskia. Halaber, militarrek, Gobernuan goi karguak zituzten batzuk barne, Ellacuria hiltzeko konspiratu zutela dio, beraien pribilegioak arriskuan ikusi zituztelako. Inpunitate osoz erabaki zuten ekintza burutzea, lekukorik ez uztea eta gertakarien egileak FMLNko kideak izan zirela irudikatzea. Ez zen hori, halere, Estatu arrazoiaren aitzakiapean El Salvadorren egin zuten lehen hilketa. Bederatzi urte lehenago ezezagun batzuek Oscar Romero San Salvadorko artzapezpikua hil zuten, giza eskubideen urraketak salatzeagatik eta biktimekiko elkartasuna jendaurrean erakusteagatik. Pobreen alde, giza eskubideen alde eta eliteen pribilegioen aurka aritzen zen oro etsai bihurtu zen. Ebazpena urrats garrantzitsua da egia eta justizia egiteko. Hala ere, beste arduradun batzuk ere badaude eta horiek atxilotzeko eta epaitzeko ez da askorik egin orain arte.

Epaia Salvador Allenderen hil zeneko urteurrenarekin heldu da. Horiek guztiak inpunitatearen adibide dira. Demokrazia titulupeko Estatuek eliteen pribilegioak arriskuan ikusten dituztenean oposiziogile politikoak desagerrarazten dituzte. Estatu arrazoia salatzeaz gain, egia, memoria eta justizia ezinbestekoak dira benetako demokraziak eraiki ahal izateko.