Andoni ARABAOLAZA
ALPEAK

Tasio Martin bikain aritu daGrandes Jorasses-etan

Joan den abuztuaren amaieran, Urduñako alpinistak Eudald Pascual katalanarekin batera ekialdeko horman dagoen «Mad Max» bidearen (ED+, 800 m) errepikapena gauzatu zuen. 22 orduko jardunean, gehienez 7b maila duen luze bat gainditu zuten.

Tasio Martin gaztea da. Hogei urte besterik ez ditu. Nahiz eta hormetako eskaladan eta alpinismoan sasoiko dagoen, gure uste apalean joan den abuztuaren amaieran Grandes Jorasses-etako ekialdeko horman egin zuen jardunak, txapela kentzeko modukoa izateaz gain, ezustean harrapatu gaitu. Eudald Pascual (22 urte) katalanarekin batera, iragan uztailean Jerome Sullivan, Jeremy Brauge eta Victor Saucede frantziarrek zabaldutako “Mad Max” bidearen (ED+, 7a+) errepikapena egin du urduñarrak.

Eta edozein ertzetik ikusita eta aztertuta, ezustekoa izan dela aitor genezake. Ezusteko ederra; positiboa, alegia. Batetik, bi gazteok ausardia erakutsi dutelako nortasun handiko bide luze alpino batean. Hots, apustu sendoa egin zutelako urruneko leku basati batean marra gogor bat eskalatzeko. Eta bestetik, maila eta eraginkortasun bikaina erakutsi dutelako hautatutako jardunean. Eta kontuan hartu behar dira bidearen ezaugarriak nahiz zabaldu zutenen izenak.

“Mad Max” bidearen sortzaileek orriotan azaldu zizkiguten bidearen nondik norakoak. Argi utzi zuten, bederen, goi mailako proposamen gogor eta estetiko bat ireki zutela. Eta, gainera, estilo oso-oso onean. Izan ere, parabolt bat soilik jarri zuten.

Bi gazteek “Mad Max” bidean eginiko lana jorratu baino lehen, aurreratu behar dugu Grandes Jorasses-etan eskalatu nahi zuten arren, azken orduan plana aldatu zutela. Horrela adierazi dio GARAri Martinek berak: «Berez, Kataluniako mendizale federazioak antolaturiko alpinismoko taldean nago. Ecrins-en irteera bat egin eta gero, Eudaldek eta biok Grandes Jorasses-etako iparraldeko horman bide bat eskalatu nahi genuen. Baina lagun batzuek esan ziguten ez zegoela baldintza egokietan. Beraz, B plana abiatu genuen; izan ere, oso motibatuta geunden. Ekialdeko horman zabaldu berri duten “Mad Max” bideari buruz hitz egin ziguten. Sortzaileetako batekin, Sullivanekin, hartu-emanetan jarri, hark informazio guztia eman eta hara joatea erabaki genuen. Sullivanen informazioak asko motibatu gintuen: leku basatia, bisita gutxi dituena, eskalada gogorra, alpinoa, Walker gailur mitikora igotzen zara...».

Jakina, izaera horretako jardun bati ekin aurretik, bi gazteok topera eskalatu zuten. Martin, adibidez, kirol eskaladan jarduteaz gain, besteak beste, Ordesako hormetan ibili zen eskalatzen. Ecrinseko irteeran, gainera, Pascualekin ere Meijeko “Mitcha” bidea (7a, 800 m) egun batean igo zuen.

Horrenbestez, sasoiko zeuden, eta soilik azken urratsa egitea falta zitzaien: «Nahiz eta Edudaldekin gutxi eskalatu dudan, biok ala biok argi genuen zer edo zer potentea eskalatu nahi genuela. Meijeko eskalada ez zen hain gogorra izan, baina 800 metro horiek egunean gainditu genituen. Eta, eskuarki, sokada askok bibaka egiten dute paretan bertan. Bide ederra da, baina parabolt batzuk-batzuk ditu. Hots, ez da arriskutsua. Marra agerikoa da, baina sarrerara heltzea ez da batere erraza. Oso gustura jardun ginen. Hori bai, jaitsieran (bide normaletik egiten da) flipatu egin genuen».

22 orduko jarduna

“Mad Max” bidearen bigarren errepikapenaren inguruan, bizkaitar alpinistak dio ez dela egunero egiten den jarduera bat: «Iparraldeko hormak sona handia du, baina ekialdekoa ez da batere gutxietsi behar. Ez du bisita asko hartzen, eta hori plus bat da. Paretaren oinarrira heltzea ez da batere erosoa. Gauez egin genuen. Tximiniak, zeharkaldi oso aereoa... Zailtasunari dagokionez, ez da bosgarren maila baino gogorragoa, baina botak jantzita eskalatzen duzu. Hitz gutxitan esanda, bidearen sarrera aurkitzea da zaila. Hara iristea bera jardueratzat jo daiteke. Benetako horman edo bidean sartuta zaudenean, 400 metro eskalatu behar dira. Marra oso-oso tentea da, granitoaren kalitatea itzela, agerikoa... Artesiak, diedroak, plakak... Denetarik du. Alabaina, ondo eskalatu behar da. Asko nabigatu ere. Hau da, ez diozu artesi sistema oso bati jarraitzen. Adibidez, artesi batean sartzen zara, ondoren plaka batera pasa... Jolas modukoa da. Gainera, bide oso segurua da. Horrekin esan nahi dut goitik ez direla arrokak erortzen. Handik 50 metrotara harri puskak nola erortzen ziren ikusten genuen bitartean, gu nahiko seguru geunden. Horretaz gain, bidea oso zuzena da, ez ditu gauza arraroak egiten. Hitz batean esanda, ikusgarria da».

Frantziarrek “Mad Max” zabaltzeko erabilitako estiloari buruz, Martinek dio txalotzeko modukoa dela. Gogoratu behar dugu berriro parabolt bat soilik jarri zutela. Seguru finko horretaz gain, bi gazteek sei iltze aurkitu zituzten: «Une jakin batzuetan geure buruari beste iltzeren bat aurkitzeko eskatzen genion. Baina alferrikako eskaera izan zen. Plaka batzuetan ezin duzu zeure burua friend-ekin edo fisurero-ekin babestu. Artesietan, berriz, gozatu genuen tresneria hori jartzen. Ez da kareharrian bezala, izan ere, granitoak aukera asko eta onak ematen dizkizu».

Arestian aipatu dugu, oro har, ED+ zailtasuna duela bideak, eta luzerik gogorrena, giltza dena, 7a+ dela. Zeharkaldi bat da, eta halabeharrez 7a zailtasuna gainditu behar da. Gainera, nahiko arriskutsua da. Baina frantziarrek bide hori sortu zutenean luze bat 6b/A1 mailan utzi zuten. Alegia, ez zuten luze hori erabat askatu. Gazteok, aldiz, bai. Martinek berak adierazi digu luze hori 7b dela: «Nik sokaburu egin nuen luzea. Lehen metroak errazak dira: 5+ edo 6a. Ondoren, sabai bat aurrez aurre duzu. Eta eskuinera zeharkatzen da. Oinak plaka leun batetik eta eskuak artesi alderantzikatu batetik; hiruzpalau metro dira. Friend-ak oso ondo jartzen dira, baina oinentzat ez duzu gauza handirik. Lauzpabost mugimendu dira, baina ez da batere arriskutsua. Argi eta garbi dago bidearen giltza 7a+ zailtasuna duen zeharkaldia dela. Gainera, hor hartu behar dituzu arriskuak egiazki. Luzerik gogorrenak (7a, 7a+, 7b) askean eskalatu genituen. Kristoren ilusioa egin zigun. Baina azken luzean (6c+) akatsa egin genuen, eta ezin izan genuen librean igo. Bizkar zakuak sorbaldan genituela eskalatu genuen luzea. Nolabaiteko arantza bat da, baina, jakina, eginiko lana ez du iluntzen».

Jardun hori egunean egin nahi zutenez, ez zuten bibakerako tresneriarik eraman. Oso arin joan ziren. Bizkar zaku handi eta txiki bana. Litro bat ur eta barra energetiko batzuk. 8,5 milimetroko soka batekin eskalatu zuten, eta bizkar zaku txikia handian sartuta kordino batekin igotzen zuten.

Eguraldia lagun izan zuten. Iragarpen gaiztoei aurreratu eta bidean sartu ziren: «Hasieran haizea egin zigun, baina baretu egin zen. Hotza bai, baina ez muturrekoa. Eguerdirako itzaletan geunden».

Amaitzeko, euskal alpinistak onartu digu eskarmentu aberasgarria bizi izan duela: «Bide zaila da, gailur mitiko batean amaitzen dena, egun bateko jarduna, logistika bikaina... Gainera, lagun batekin bizi izan dut esperientzia aberasgarri bat. Ezagutzen duzu nolakoa den, erabakiak partekatzen dituzu... Asko ikasi dugu».