GARA
BILBO

Bizkaiko erresidentzietako 37 lagun hil dira jadanik «bigarren olatuan»

Pandemiaren lehenengo faseak gogor astindu zituen adinekoak erresidentzietan (700 inguru hil ziren Euskal Herri osoan, horietatik 300 bat Bizkaian) eta bigarrena ere bizitza galera handia eragiteko bidean da.

Azken 48 orduetan hiru egoiliar zendu dira Bizkaian, covid-19aren ondorioz, eta beste bat Gipuzkoan, bi aldundiek jakinarazi zutenez.

Egoera bereziki kezkagarria da Bizkaian. Batetik, hiru horiekin jada 37 lagun hil direlako uztailetik hona, guztiak egoiliarrak. Eta, bestetik, odolusteak ez duela etenik izango aurreikusten delako: une honetan Bizkaiko 155 erresidentzietan bizi diren 116 lagun daude gaixorik, eta horietatik 23 erietxean, azkeneko bi egunetan zortzi ospitaleratu ostean.

Honako udalerrietako erresidentzietan izan dira kasu gehienak: Zamudio, Barrika, Bilbo, Sestao, Mungia, Getxo, Bakio eta Elorrio. Era berean, Birjinetxeko unitate berezian 79 lagun artatzen ari dira oraintxe, horietatik 56, egoiliarrak.

Pentsiodunak kalera

Guztira, beraz, 195 adineko kutsaturik daudela onartu du Bizkaiko Aldundiak, aurreko zenbaketan baino bost gehiago.

Birjinetxen dauden gabeziez behin baino gehiagotan ohartarazi dute pentsiodunen elkarteek. Hain zuzen ere, erresidentzietako egoera salatzeko larunbatean protesta egingo dutela jakinarazi dute.

Babestu elkartearekin batera, Aldundiaren aurrean elkartzeko deia egin dute hurrengo larunbaterako. 12.00etan Plaza Biribiletik zein Eliptikotik abiatuko dira parte hartzaileak, lau zutabe osatuz, distantziak egoki mantentze aldera, Aldundiaren egoitzara iristeko.

Gipuzkoan zertxobait hobeto daude gauzak, baina ez tunelaren amaiera ikusteko moduan. Lau erresidentziatan agertu dira covid-19 kasuak bigarren erasoaldi honetan: bi egoitza Donostiakoak dira, bat Errenteriakoa eta bestea Hernanikoa. Ondorioz, egun 61 lagun daude gaixorik, horietatik 12 erietxeetan eta 35 Eibarko Ospitaleko unitate berezian. Bost hildako izan dira abuztuaren 11tik hona.

Hiru adineko Nafarroan

Nafarroako Gobernuak ez du zehaztu etxean edo erresidentzietan bizi ziren, baina jakinarazi du adineko hiru pertsona gehiago hil dituela birusak: 86 urteko gizonezko bat eta 88 eta 93 urteko bi emakume, hain zuzen.

Erresidentzien kasuan Bizkaia bada ere kezka nagusia, oro har, kutsatze katea eteteko arazo larriena Nafarroan dago orain. Atzo emandako datuetan ageri denez, larunbatean positibo berri gehiago izan zen Nafarroan Bizkaian baino, populazio aldetik azken herrialde hori dezente handiagoa izan arren.

Nafarroan 281 infektatu hauteman ziren larunbatean, 2.364 PCR egin ostean, eta hori ehuneko altua da (ia %12koa, OMEk jarritako mugaren bikoitza). Bizkaian 264 kasu berri detektatu dituzte, Gipuzkoan 165 eta Araban 84. Kanpoan bizi zen lagun bat gehituz gero, 795 dira guztira, astegunetan baino proba askoz gutxiago eginda.

Larunbatean, gainera, 56 lagun ospitaleratu zituzten gaixotasun horren ondorioz, 41 EAEn eta 15 Nafarroan. Zainketa Bereziko Unitateetan 68 daude gaur egun, 61 EAEn eta 7 Nafarroan.

Herriz herriko bilakaera aztertu ahal izateko gaur arte itxaron beharko da, azken egunetan Lakuako Osasun Sailak ez baitu kutsatze kasuen banaketa zehaztu.

Nafarroari dagokionez, kasuen erdiak baino gehiago Iruñerrian kokatzen dira berriro. Neurri bereziak agindu zituen Maria Chivite buru duen Gobernuak asteazkenean, egoera larritzen ari zela jabetuta, eta batez ere harreman sozialak murrizteko deia egin die herritarrei. Denbora pixka bat beharko da eragina izaten ari diren jakiteko.

Ipar Euskal Herria, bitartean, “zona berde” izatetik “zona gorri” izatera pasa da aste gutxitan, baina momentuz ez du Prefekturak murrizketa berririk agindu, egoera oraindik zuzendu daitekeelakoan.