Dabid LAZKANOITURBURU

Trump Kaliforniako suteen aurrean: «Lasai, azkenean hoztuko du eta»

AEBetako presidentea Kalifornian izan da bisitan eta klima aldaketari baino «basoen kudeaketa txarrari» egotzi dizkio mendebaldeko kosta kiskaltzen ari diren sute ikaragarriak. Demokratak sutan daude. «Lasai, azkenean hoztuko du eta», erantzun die Trumpek.

«Lasai, azkenean hoztuko du». Donald Trump AEBetako presidenteak hitz horiekin erantzun zien kazetariei, egun mendebaldeko kostaldean piztuta dauden suteek klima aldaketarekin zerikusirik ote duten galdetu ziotenean.

Etxe Zuriko maizterrak Sacramento Kaliforniako hiriburuko McClellan Park aireportuan geldiunea egin zuen atzo, Arizonara bidean, eta Baliabide Naturalen Babeserako bertako arduradun batekin, Wade Crowfoot-ekin, egin zuen agerraldia.

35 hildako eragin eta 2 milioi hektarea kiskali dituzten suteen eta klima aldaketaren arteko zerikusiari buruz, «gauza asko posible» direla erantzun zuen. «Nik ez dut uste zientziak horretaz gauzak oso argi dituenik», gaineratu zuen klima larrialdiaren inguruan jarrera eszeptikoa duen presidenteak.

«Frogek argi eta garbi uzten dute: klima aldaketa errealitatea da eta suteak ugaritzen ditu», erantzun zion Kaliforniako gobernadore demokrata Gavin Newsomek.

Etxe Zurirako hautagai demokratak, Joe Bidenek, bere aurkariari eraso egiteko baliatu du egoera. «Klima-piromano bati beste lau urte ematen badizkiote, nola harrituko gaitu ba Amerika erretzen ikusteak?», ohartarazi zuen bizileku duen Delaware estatutik.

«Hautatzeko aukera dugu: elkarrekin lanean jarrai dezakegu, badakigulako klima aldaketa gure herrialdearen etorkizunerako erronka existentziala dela; edo bestela Donald Trumpen bidea aukeratu dezakegu: gertaerak alboratzea eta errealitatea ukatzea… amore ematea».

Trumpen iritziz, ordea, demokraten agindupean dauden estatu hauetan egin den «basoen kudeaketa txarrak» eragin ditu suteak.

Finlandiaren eredua

Boterera iritsi zenetik defendatu izan du presidenteak oihanpeak garbi eta laharrik gabe mantendu behar direla eta zuhaitzak bota behar direla suebakiak egiteko. Eta ekologistei egozten die baso kudeaketa mota horren aurka egotea.

«Zuhaitzak erortzen direnean, epe laburrean asko ihartzen dira eta pospolo bihurtzen dira. Hostoekin berdin, suteentzako erregai bilakatzen dira».

Trumpek beren burua «baso-herrialdetzat» duten hainbat estatu jarri izan ditu eredu gisa. Atzo ez zuen bat bera ere aipatu, baina 2018an Finlandiaren gestioa txalotu zuen.

Washingtongo gobernadoreak eskutitz batekin erantzun die Trumpen «gezurrei». «Klima aldaketa ukatzearekin eta karbonoarekin kutsatzen jarraitzeko egin duzun hautuarekin suteak areagotzea lortzen ari zara», aurpegiratu dio Jay Insleek.

IQAir erakundeak emandako datuen arabera, AEBetako Portland, Seattle eta San Frantzisko hiriak munduan kutsatuenetarikoen artean zeuden astelehenean.