Amaia U. LASAGABASTER
EIBAR

Hobekuntza bai baina punturik ez kalitatezko aurkari baten kontra

Lehen ordu erdian asko sufritu ondoren, hobera egin eta aurrea hartu du Eibarrek, baina Vila-realeko aurrelariek sari barik utzi dute.

VILA-REAL 2

EIBAR 1


Helburu bikoitzarekin heldu zen Eibar La Ceramica futbol zelaira, baina bakarra eskuratu zuen. Celtaren aurka baino joko hobea eskaini zuten armaginek, baina urratsa ez zen nahikoa izan kalitate itzeleko aurkariari punturen bat lapurtzeko.

Hiru aldaketarekin zelairatu zen Eibar, bi jokalari berrirekin eta, ondorioz, eskema aldaketarekin. Reciok Diop zigortuaren lekua hartu zuen eta Soares hegalean kokatu zen, Bigas defentsaren erdira bidaliz. Aulkian geratu zena ez zen, ordea, Sergio izan, zelai erdian aritu baitzen. Enrich beharrean, Kike Garcia bihurtu zen erasoko erreferentzia bakarra. Aldaketok ez zuten ezer onik ekarri hasiera batean eta, aurreko asteko Huescaren kontrako berdinketak akuilatuta edo, Vila-real goitik behera nagusitu zen lehen ordu erdian. Etengabe heldu ziren Eibarren areara etxekoak, baina, aurrelarien punteria faltaren, jokoz kanpokoen –Gerard Morenoren gol bat ere baliogabetu zuen epaileak–, Dmitrovicen lanaren eta bi aukera garbi eragotzi zituen Pauloren ekarpenari esker, markagailua hutsean mantendu zen. Are, atsedenaldia gerturatu ahala, Eibar erosoago sentitu zen, nahi zuen jokoa egiten hasiz. Goletik urrun ere ez zen ibili, baina Asenjorekin egin zuen topo: lehenik Inuiren jokaldi on bat zapuztu zuen eta, ondoren, Expositoren jaurtiketa bat kornerrera bidali.

Aldageletatik bueltatu bezain laster, Dmitrovicek hartu zuen Asenjoren lekukoa, Gerard Morenoren aukera garbia salbatuz. Jarraian, gainera, huts egin ez zuena jokalari armagin bat izan zen: Kike Garcia, hain zuzen. Expositoren pase neurtua kontrolatu, arean Asenjoren irteera saihestu, eta, jaurtiketa gurutzatu batekin, 0-1ekoa egin zuen.

Vila-realek gogoz ekin zion partidua iraultzeko ahaleginari. Itua Eibarren atean jarri zuen berriro, eta, oraingoan, asmatu egin zuen. Area barruan egindako mugimendu ikusgarri batekin, Gerard Morenok berdindu zuen neurketa eta, zortzi minutu geroago, Alcacerrek bigarrena egin zuen. Epaileak baliogabetu egin zuen hasiera batean, baina VAR gelako bere kideek erabakia zuzendu zuten. Zoritxarrez, ez zen gauza bera gertatu hiru minutu geroago. Asenjo areatik irten zen Inui aurretik eramanez. Epaileak japoniarra jokoz kanpo zela adierazi zuen eta, irudietan kontrakoa bazirudien ere, oraingoan ez zen zuzenketarik egon.

Kolpea gainditu eta berdinketaren bila jarraitu zuen Eibarrek. Aldiz, argitasun faltak eraginda, ez zen berdinketa heldu.

Mendilibar: «Taldea ondo lehiatu dela uste dut»

«Emaitza txarragoa da, baina sentsazioak lehen partidakoak baino hobeak izan dira», azpimarratu zuen Jose Luis Mendilibarrek.

Bere esanetan, «partida duina egin dugu. Ondo egon gara, gauzak konplikatu dizkiegu eta, batez ere, taldea ondo lehiatu dela uste dut: nahi genuen jokoa egin dugu. Taldea ondo ikusi dut». A.U.L.