Oihane LARRETXEA
DONOSTIA
Interview
IMANOL RAYO
ZINEMA ZUZENDARIA

«Erredentzioa da oinarria, denek egiten dute erru kanporatze bat»

«Bi anai» (2011) Bernardo Atxagaren izen bereko eleberrian oinarrituta, bere lehen filmarekin Zinemira saria irabazi ostean itzuli da Zinemaldira Imanol Rayo. «Hil kanpaiak» lanarekin egin du, Miren Gorrotxategiren «33 ezkil» nobela oinarri hartuta.

Iraganari iskin egitea zaila izaten da batzuetan eta, halakoetan, ezinezkoa egiten da etorkizunari begiratzea. Jazotakoaren zama astunegia da Garizmendi baserrian, ilunegia. Etxeko lur eremuan hezur batzuk agertu dira eta Karmen (Itziar Ituño) eta Fermin (Iñigo Aranburu) gurasoek, zer egin ez dakitela, Nestor (Eneko Sagardoy) semeari deituko diote. Honek poliziari hots egingo dio baina, hauek ailegatzen direnerako, hezurrak desagertu egin dira.

Filmaren abiapuntuan kokatzen du gertaera zuzendariak eta ondoren errenkadan etorriko dira puzzlea osatzeko beharrezkoak diren piezak. Zauriak, galerak, oroitzapenak.

Bigarren lan honekin hasieratik garbi izan du «zinemaren funtsetara» itzuli nahi zuela, «irudiekin kontatzera, soiltasunera». “Hil kanpaiak”-en lehen planoek pisua dute, eta «begiradek garrantzi handia. Erakusten dutenagatik baino gehiago, ezkutatzen dutenagatik», adierazi dio zuzendariak GARAri.

Filmak herri batera garamatza, eta galera handiak izan dituen familia batera. Zer kontatu nahi zenuen?

Genero beltzetik abiatzen den istorioa da, baina filma genero beltzarekin hasten bada ere gainean du genero guztietan nagusia: tragedia. Hori ardatz hartuta, “forma”-ren aldarrikapen bat lantzea nahitaezkoa dela uste dut. Generoak beti patroi batzuk errepikatzen ditu, zentzu batean pertsonaien profilak ere arketipikoak dira. Hori kontuan izanik, hori guztia ‘nola’ kontatzen den ikustea da gakoa. Tragediaren kutsua formarekin bat dator kasu honetan, oso era grekoan. Batez ere, espazioaren tratamendu berezia dagoelako, denboraren aztarnak nabarmentzeko, betikotasun kontzeptura gerturatuz. Pertsonaiak agertu edo desagertu egiten dira, zendu, eta abar… Baina filmak erakusten dituen lekuak edo bazterrak beti hor egon izan balira bezala agertzen dira. Kontzeptu terrenal edo telurikoak indar handia du.

Heriotza oso presente dago, hasieratik bukaerara.

Berriz ere betikotasunaren ideia horrekin lotzen da. Argi dago erredentzioaren ideia filmaren zutabe nagusia dela. Pertsonaiek erru kanporatze prozesua betetzen dute bakoitzak bere neurrian. Eta hori irudikatzeko modu bakarra sua da, arazketa suak ematen duelako. Dies irae-az hitz egiten ari gara, azken finean.

Karmen ama (Itziar Ituño) jarri duzu erdigunean, asko sufritu duen emakumea.

Karmen da filmaren zutoina. Gertaera batek iraganeko mamu guztiei aurre egitera eramango du. Horrek tonu elegiako batera behartzen du istorioa, eta Karmenen inguruan dauden pertsonaiak ere berarekin arrastatzera, modu batean edo bestean erlazionaturik daudelako.

Pelikula itogarria sentitu dut: tonua, paisaia, familia, baita musika bera…

Lehen aipatutako abiapuntutik datoz. Filmak duen egitura zatikatua eszenografiarekin bat dator eta modu horretan pertsonaiak distantziarekin ikustera eramaten zaitu, epaitu gabe. Hortik aurrera argia ere beste pertsonaia bat da, aldarte bat suposatzen duelako eta istorioaren momentu zehatzen nondik norakoa definitzen duelako. Musikaren kasuan, korua berriz ere betikotasuna gogoraraztera dator, mantra bat balitz bezala entzuten dugulako beti.

Pertsonaia nagusien artean emakume bakarra dago, gizonez inguratuta egoteak, konposizio horrek, presio berezia egingo balu bezala.

Erabateko konposizioa da. Eta beste behin hasierako ideietara goaz. Era berean, funtsezkoa da testuinguru soziala anekdota hutsean uztea. Adibidez, euskal historiaren garai desberdinetan igarotzen dira hainbat ekintza: ETAren berun urteak, Guardia Zibila eta narkotrafikoa… Baina kontaketa bera horren guztiaren gainetik doa. Denboran atzera eta aurrera bagoaz ere, eta agian batez ere horregatik, denborazkotasuna da istorioaren nortasun ezaugarririk nabarmenena.

Iraganeko pasadizoak kontatzen dira etengabe gaurko egoerak ulertzeko. Eta pixkanaka puzzlea osatzen goaz.

Gauza batzuk erakusten diren arren, funtsezkoa beti erantzunak eman beharrean galderak egitea da. Pelikularen egiturak berak hutsune asko ditu eta tarte horiek osatzera gonbidatzen du ikuslea. Tratamendu eliptikoa, ikusten dena eta ez dena, irudian dagoena eta kanpoan dagoena, erabat deliberatua da eta ikuslea adi egotera behartzen du.