GARA
DONOSTIA

«El olvido que seremos», istorio humanista bat Kolonbiatik

Fernando Trueba (Madril, 1955) zinemagileak itxi du Zinemaldiko Sail Ofiziala, “El olvido que seremos” lehiaz kanpo aurkeztu duen lan luzearekin. Izen bereko nobelaren egokitzapena da eta, bertan, Hector Abad Faciolince egileak bere familiaren historia eta bere aita Hector Abad Gomez sendagile ezagunaren hilketa kontatzen du. Kontakizun humanista hau, zoriontasuna eta tragedia nahasten dituena, Kolonbian azken urteotan idatzi den literatura lan arrakastatsuenetako bat da.

Lehen emanaldiaren ostean, ohi denez, lantaldeak prentsaurrekoa eman zuen eta bertan izan zen atzo Trueba zuzendaria bera Javier Camara aktorearekin, Hector Abad Gomezen azalean sartu baitu pelikula honetan. Patricia Tamayo emaztearen papera egiten duen aktoreak, Juan Pablo Urrego aktoreak eta Dago Garcia ekoizleak bideokonferentziaz hartu dute parte, Kolonbiatik.

Zuzendari madrildarrak adierazitakoaren arabera, liburuan zein pelikulan oso garrantzitsuak dira «testuinguru historikoa eta politikoa», eta hauek familiarteko burbuilaren bidez erakusten dira.

«Humanista» gisa deskribatu zuen Truebak Abad Gomez. «Sendagilea zen, eta bere helburua osasun publikoa zen, besteen bizi kalitatea hobetzea, bereziki baliabide gutxi zituzten pertsonena. Existentziaren zentzu humanista batek mugitzen zuen, ez ideologia batek», zehaztu zuen.

Javier Camarak onartu zuenez, pertsonaia bere eskuetara ailegatu zenean «zabalegia» zela pentsatu zuen, ia interpretaezina. «Kolonbian jendeak mediku haren azalean ikusten ninduenean besarkatu egiten ninduen, baina gorroto begiradak ere sentitu nituen».

Abad Gomez paramilitarrek erail zuten 1987an eta, 70eko eta 80ko hamarkadetako indarkeria nobelak eta filmak nola jasotzen duten galdetuta, ekoizlearen aburuz, «ikuspuntu humano eta egunerokotasun batetik jasotzeko bertutea dute. Horregatik, indarkeriara egiten duten hurbilketa askoz ere poetikoagoa da, esanguratsuagoa da».