Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Kontzeptuen kontzeptualizazioa

Hilaren 1etik gara ofizialki sartuak urte hidrologiko berrian. Eta klimak ofizio duena ez du aurten behintzat ahaztu eta udazkenari dagokiona ekarri du, ura eta bero eza. Hain du ura derrigorrezko lurzoruak! Hain freskotasuna ezinbesteko buruak! Total, hamaika entzuteko gara. Kontuak atera! Europak pandemiaren gainean zabaldutako diru-funtsaren bidea baliatzeko Lakuako Gobernuaren proiektu-zerrenda ezagutu dugu egunotan... normaltasun berriaren nondik norako zaharra, buruak lehengo lepoan! Lepoak lehengo buruan!

Aparte utzita enpresa susmagarri pribatu batek ondutako zerrenda dela, deigarria da proiektu askoren atzean den gobernu-zuribidea, hots, «garapen kontzeptual» fasean direla oraindik. Ehun urtetik gorakoa den alderdi zahar batean, azken hamarkadetan botere izan daitekeen zer horretan, herri-proiektuak fase horretan egotea... Ama, ama! Badaezpada ez noa subiranotasunaz itauntzera! Europako funtsa baliatzeko fundamentu gutxi gero! Amen!

Bai, kontzeptuetan dugu arrakala handieneko bat ustez burujabe garen batzuek eta besteok. Ez dakit zergatik, baina Pinotxo gogoan. Tira, harira! Hara non monarkia errepublikatzea eskatu berri duen Ajurieneko maizterrak ohiko pulpitutik. Hori don/k eta! Iran/k! Harrapa ezan/k! Hamaika entzutekoak, bai, eta euskaraz ez dago hamaika baino gehiagorik. Hain sakona izanda gogoetaren hipozentroa ez da harritzekoa lurra ikaratzea gure inguruan: Lurra 4.0!

Gogoeta-bide horretatik bananak platanoratzea, politika despulpituratzea, arrabola desarrabolatzea, errotondak etorbideratzea, jainkolaritza jaurlaritzatzea, lege zaharrak museoratzea, estatikoa dinamizatzea, gobernua gobernantzatzea... Dena dela, beheko Estatu horretan benetako kontua ez da monarkia edo errepublika, monarkia edo errepublikak baizik. Zergatik? Pluralak garelako!