Lurrunezko trenean bidaiatzeko hiru aukera

Euskotrenek Azpeitian duen museoak ustiatzen duena da lurrunezko tren-makina bidez lan egiten duen Iberiar penintsulako tren turistiko bakarra. Bada, asteburuan trenbidera ateratzea erabaki dute: gaur, 12.00etan eta 18.00etan, eta, igandean, eguerdian soilik. Museoko bisitarien eta langileen segurtasuna bermatzeko asmoz, eta covid-19ak eragindako egoeraren aurrean beharrezkoa den urruntze fisikoari eusteko, zenbait neurri hartuko dituzte arduradunek. Hidrogel desinfektatzaile banagailuak jarri dituzte harreran eta ibilbide erabat zirkularra izango duen zirkuitua sortu dute, zoruan jarraitu beharreko bidearen gezi adierazgarriak markatuz, talde batzuk eta besteak gurutzatzea eragoztearren. Erakusketa aretoak itxi egin dituzte (tren uniformeen eta kronometriaren bildumak daude ikusgai) eta tailer mekanikoaren eta tranbia historikoaren bisita gidatuak bertan behera utzi, distantzia sozial egokia bermatzerik ez legokeelako bestela. Instalazioen garbiketa ere indartu dute, bisitariek eta langileek manipulatu ditzaketen elementuetan arreta jarriz.