GARA
GERNIKA

Pandemiak subiranotasunaren beharra agerian utzi duela azpimarratu du Otegik

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak «subiranotasun nazionalaren» eta «independentziaren» aldeko «gehiengoak» eraikitzearen beharra defendatu zuen atzo, pandemiak agerian utzi duelako estaturik gabeko herriek euren beharrei aurre egiteko tresnarik ez dutela.

Autonomia Estatutuaren 41. urteurrenaren harira Gernikako merkatuan egindako ekitaldi batean egin zituen adierazpenok Otegik, osasun krisiaren ondorioz guztiz ezohikoa izango den gaurko Urriko Azken Astelehenaren atarian. Bat egin zuen Otegik Arantxa Tapia Lakuako sailburuarekin estatu bat balitz EAEk Europako funts gehiago jasoko lituzkeela esatean, eta gogorarazi zion estatu bat ez denez pandemiak eragindako galerei aurre egiteko Europako funtsak Madrilen banatuko direla. Bestalde, independentziaren kostua «altuegia» dela sinetsarazi nahi dutenei galdetu zien bi estaturen menpe egoteak zer kostu duen Euskal Herriarentzat.

Ekitaldi berean, Maddalen Iriarte EH Bilduko parlamentariak nabarmendu zuen «Madrilen bilera bat egitea nahikoa» dela «autogobernua ia erabat ezabatzeko».

Mendia: «Tresnak badaude»

Idoia Mendia Lakuako lehendakariorde eta PSEko idazkari nagusiak Gernikako Estatutua krisitik atera eta aurrera egiteko EAEk behar duen «erreminta kutxa» dela adierazi zuen atzo, betiere, «zerbitzu publikoak, gizarte babeseko sarea, ekonomia eta lana bultzatzeko neurriak indartzeko».

Gernikako Batzar Etxean egindako ekitaldian «itxaropen mezua» zabaldu zuen covid-19ak eragindako krisiak sortzen dituen «zalantzen» eta «ziurgabetasunen» aurrean. Nabarmendu zuenez, egoerari aurre egiteko «tresnak badaude», eta erronka horiek «erabiltzen jakitea» da. Amaitzeko, Gernikako Estatutuaren erreformak «aniztasuna eta legezkotasuna» kontuan hartu beharko dituela adierazi zuen.