Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Gazte izatea zer den

Marka guztiak hautsi zituen Sally Rooney idazle irlandarrak «Jende normala» eleberriarekin. Orain, Alberdania argitaletxearen eskutik, ingelesetik euskarara ekarri du Irene Aldasorok bi gazteren arteko istorioa. Hori baino, gazte izatea zer den azaltzen duen istorioa.

Munduak besoak zabalik jaso zuen Salley Rooney (Castlebar, 1991) idazle irlandarraren bigarren eleberria, “Jende normala” (“Normal people”). Urtebete lehenago, 2017an, eta 26 urte baino ez zituela, “Conversations with Friends” bere estreinako lanak arrakasta posible guztiak bildu zituen. Eta arrakastak ekartzen dituen arriskuak gaindituta, aurreikuspenak ez betetzeko beldurrak uxatuta, “The Guardian” egunkariak «biharko klasiko bat» bezala deskribatu zuen, literalki, irlandarraren bigarren lana. «Baliteke ‘Jende normala’ ez jardutea oraintxe gazte izateak esan nahi duenaz, hori baino gai hobea du: edozein garaitan gazte izatea eta maiteminduta egotea zer den».

Alberdania argitaletxearen eskutik, Irene Aldasoro (Idiazabal, 1955) itzultzaileak euskaratu du best seller etiketa gainetik kendu eta goi mailako literatura izatearen etiketa merezimendu osoz irabazi duen obra. Horrela diote nazioarteko prentsan adituek idatzitako erreferentzia guztiek. Trama sinplea da: Marianne eta Connell bi gazte dira, Trinitity College institutuko azkenengo urtean daude eta maiteminduta daude. Herri txiki batean bizi dira eta unibertsitatera saltoa emango dute hurrengo ikasturtean. Dublinera, hiriburura. Tartean, jakina, beste pertsonaia, giza paisaia, pasadizo, bizipen batzuk daude.

Aldasorok aditzera eman zuenez, ordea, gakoa(k) beste leku batean, batzuetan, ditu liburuak. Istorioa eta gaia planteatzeko moduan, gaiak txirikordatzeko abilezian, egileak erakusten duen hizkuntzan eta azaltzen duen ikuspegi poliedrikoan, besteak beste. «Klasikotasuna denborak ematen du, dudarik gabe», nabarmendu zuen liburuaren aurkezpen ekitaldian, Donostian. Hala ere, iritzi du ez badu lortzen hau ez dela hain urrun ibiliko, gazte izatea zer den jartzen duelako mahai gainean, eta hori bertatik igaro den edonork uler dezakeelako.

Hamaika bider irakurri du obra, jatorrizko hizkuntzan zein berak idatzi duen euskaran eta, hala ere, aitortu zuenez, «oraindik ez dakit zein den gai nagusia. Maitasuna edo beste zerbait?». Aldasororen ustez hiru dira: gazte izatetik heldu izatera igarotzen den bidea, “normaltasunera” bidea; maitasunaren indarra eta sexua; eta besteek zenbaterainoko eragina duten norberarengan. «Hiru zutoin horiek maestriaz josten ditu», esan zuen. Finean, egileak planteatzen duena «gogoeta bat da».

Gaiak txirikordatuz

Itzulpen lana egiteko izandako erronkez mintzatuta, lagunarteko kodean euskaraz garatuta ez dauden edukiak jasotzeko izandako zalantzak aipatu zituen. Ingeles estandarra baliatzen du Sally Rooneyk, irlandar ukitu batzuekin, baina oinarrizko gauza batzuk euskaraz esateko «zailtasunak» topatu ditu. «Adibidez, ‘I like you’ esateko. ‘Gogoko zaitut, edo ‘zurekin gustatuta nago’ bezalakoak erabili behar izan ditut. Ez dira oso kitzikagarriak baina… eta zer esanik ez ‘txortan egin’ edo ‘larrua jo’ bezalako moldeekin!», kontatu zuen. Azaldu zuenez, Azpeitia inguruan gazteek egindako hiztegi batek zerbait lagundu dio bide horretan, baina hutsune handi bat identifikatu du Euskadi Itzulpen Saria birritan irabazi duen Aldasorok. «Mundu hori ez dago hizkuntza arruntez, lagunarteko kodean euskaraz garatua, euskañola egon daiteke, edo gazteleratik zuzenean hartuta, baina puntu horretan zailtasunak izan ditut».

Edukiaz eta egituratzeko moduaz ere hainbat gako eman zituen. «Posizio batetik idazten du, eta kronologia bat osatzen du, baina harrigarria da Sallyk nola egiten duen salto aurrera eta atzera, eta nola lotzen duen guztia. Idazkera erabat menderatzen du, narratzailearen ahotsa eta pertsonaiarenak erabat uztartuta daude». Horren harira, Rooneyk elkarrizketaren batean aditzera eman du “Jende normala” ez dela autofikzioa, nahiz pertsonaiak beren sentimenduetan «lagundu» egin dituen.

Tabernak ikusiko ditugu, festak, sexua, pornografia, baita institutu garaian ohikoa den bakardadea ere. «Gazte izatearen nahasmenetik ateratzen du Rooneyk egia bat sanoa dena, adierazten digu badagoela gauzak ‘ondo’, nahi duten bezala egiteko bide bat; minak beti izango dira min, baina beste irekitasun batekin, esklusibitate ezarekin eta bestea errespetatuz, besteari lagunduz, besteari lekua emanez».

Gaiak ere txirikordatzen ditu, eta ez ditu aipatu gabe uzten gai nuklearrak, batzuetan bigarren plano batean egiten badu ere. «Baina hor daude, eta uzten ditu zertzelada batzuk eta egiten uzten dizu zure interpretazioa». Aipatzen ditu matxismoa, arrazismoa, biolentzia… Iluntasun une asko daude, pertsonaiak etxean ikusten dituen tratu txarrak iradokitzen dituenean kasu. «Egia esan denetarik dago, errazagoa da esatea zer ez duen aipatzen». Sexua, adibidez, ez du konpromisoarekin lotzen, protagonistek beren barnean duten eta barnean diren hori bilatu eta aurkitzeko bide gisa baizik. Bada dioenik kontatzen dena ez dela maitasun istorio bat, adiskidetasun istorio bat baizik. Aldasorok berak, honakoa dio Marianne eta Connell pertsonaiez eta haien harreman eta sentimenduez: «Normal sentitzen dira bata bestearekin daudenean». Eta horrek, munduko urrea balio du.