Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren endogeneitateak

Durangitisa da Euskal Herriak duen egoera kultural endemikoa, patologikoa. Durangitisa euskal kulturaren indar katalizatzaile nagusienetakoa da. Durangitisa-ri aurre egingo dion txerto bakarra da sormen bikainari atzetik etor dakiokeen salmenta duina. Baina Durangoko Azoka Hakin Bey pentsalari eta filosofoari hartutako esaldi batean defini daiteke: «Behin-behineko gune autonomoa da Azoka». Zergatik? Lau egun irauten dituelako. Aurten, ez. Gunea Landako da, Durangok batu egiten gaituelako. Autonomoa, urtean zehar ez direlako errepikatzen Durangon ematen diren salmentak, ezta egileen batuketak ere.

Euskal kultura endogenoa da, gure lurraldean modu naturalean garatzen da, baina kulturaren alde borroka asko egin ondoren. Musika endogeno bilakatu dugu, baina badu ezaugarri exogenoa, kanpoko rockak izugarrizko eragina izan du; gero endogeneizatu egin dugu. Hilabeteotako osasun egoera exogenoa dela diogu. Kanpoko birus bati botatzen diogu errua: «nik ez dut ezer egin, xomorroa etorri eta harrapatu egin nau». Kultura endogenoa da txertorik eraginkorrena sormenean. Osasunaren autogestioa da garrantzitsuena, gorputza zaintzeko, euskara erabiltzeko, sortzaileak laguntzeko eta kalean kontzertuez disfrutatzeko. Sormena da kulturaren txertoa. Osasunaren txertoa geure gorputzaren osotasun infinitua da. Ezin dugu pentsatu beti kanpotik datorkigula errua, akatsa gure bizimoduak sorrarazten dio gorputzari. Ez da patologiak bilatzea, baizik eta osasunarekin eskutik joatea. Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean nago, eta ez nago arro.