Iker GURRUTXAGA
PRESOEN ALDEKO MOBILIZAZIOAK

HATORTXU ROCKEK PILULA GOZO BATEKIN SALATU DU PANDEMIAREN KRUDELTASUNA

EZ DA ERRAZA URTERO-URTERO ELKARTASUNAREN IZENEAN EKIMEN BAT ANTOLATZEA HELBURUA DISPERTSIOAK ERAGITEN DUEN ZULO EKONOMIKOA TAPATZEA DENEAN. AURTEN ARE ETA ZAILAGOA ZEN, KULTURAK BIZI DUEN EGOERAREN JAKITUN. BAINA HATORTXU ROCKEK ASMATU DU. BETE-BETEAN ASMATU DU 24. EDIZIOAN ERE BERE MEZUA HELARAZTEN.

Juantxo Arakamaren errimekin hasi da. «Zuk heldu bat eta nik beste bat eta bagara lau» esan du tartean, hori garrantzitsua baita. Elkar hartu eta elkartasun hori zabaltzea. Gaurko ere hori eskatu zuten, baina sarreren salmentarekin. Jakin, kronika hau irakurtzean ere garaiz izango zaretela, sarreren salmenta igande gauera arte luzatuko duelako Hatortxu Rock jaialdiak.

Erika Olaizola aktorea presoaren paperean sartu da. «Neska bat, emakume bat, presoaren azalean. Presoarena, beraz, mozorro bat da niretzat eta aldi berean ez da mozorro bat», hori esanda askok beren ziegan izaten duten kezka zabaldu du Olaizolak: «Gogoratzen zarete nitaz? Gogoratzen zarete gutaz?». Ez dezagun ahaztu zergatik egiten den Hatortxu.

Bandaren kalitatea lehen unetik. Lehendabizikoa Berri Txarraken “Izena, izana, ezina” kantua izan da. Euskal Herriko bi ahotsik indartsuenetakoek koloreztatu dute moldaketa dotorea, Lide Hernandok eta Alex Sarduik. Oilo-ipurditan azala, malkoak begietan… Publikorik gabeko oholtzan a zer-nolako jarrera! Berri Txarrak taldekoak opari ederra jaso dute Hatortxuren partetik. Azpimarra berezia azken esaldiari: «Albistegietako izenburuak guri buruz izan ohi dira, baina inork ez digu ezer galdetu, eta hemen gaude».

Sara Zozaya eta Francis Diez izan dira hurrengoak, Zopilotes Txirriaos taldearen “Siete mares” kantuaren moldaketa finarekin. Minaren eta beldurraren inguruko mezua duen kanta hezurretaraino iristen da. Baina itxaropenari eta preso batek bereekin egoteko duen nahiari eta beharrari ere abesten zaio.

Amets Arangurenek Iñigo Gutierrez Guti presoak kartzelan idatzitako testua irakurtzean, denon barruak irauli dira. Bere haurrari idatzitako testua. «Baina ez izan dudarik Olentzero Aranjuezeraino iritsiko dela. Nik zuekin modulu familiarrera joateko eskatuko diot. Honela, zure ondoan lokartu eta esnatu ahal izateko». Pandemiak presoengan izan duen zigor gehigarriaren kontakizuna.

Gure buruaren preso ere bagarela edota aro digitalak preso izatera eramaten gaituela gogoratu digu segidan Koban taldeak. Beren “Anestesia digitala” kantuan aro digitalak beste gauzei buruz ahaztea dakarrela inplizituki esaten digute.

Kantu baten bertsioa originaletik fidela izaten saiatzea ez da erraza. BPMak igo, instrumentu desberdinak sartu eta Black Birdsen edertasuna gehitu. Hori egin dute Ken Zazpi taldearen “Itsasoa gara” kantuarekin. Beste estadio batera eramaten gaituzte hiru emakume hauek. Zer-nolako enpastea duten Lorena Aisak, Claudia Rodriguezek eta Idoia Tapiak. Halako olatuei esker ere bagara itsaso.

Segidan Little Martin Selektah, Nikotina eta Monsieur Lecrepe elkartu dira eta rap mix dotorea egin dute. «Hemen legeak ez du ezagutzen kuartela, gorrotoz betetako boto ustelak lortzen dituzte, betetzen kartzelak», egia krudela hitz gutxitan.

Gau iluna amaitu zain

Laboaren “Martxa baten lehen notak” abestu dute Xabi Solano eta Nerea Urbizuk. Bakoitzak bere estiloan, jazz kutsuko moldaketa batean. Ederki harilkatu du Lander Garrok gidoiaren zati hau. Izan ere, aurreko Olaizolaren pasartearekin bat egiten du. Denok bat egin gabe, alferrik gabiltzala, alegia.

Herdoil taldearen txanda izan da hurrena: «Demokrazia liberalen bake faltsua. Helburu bera duten botere forma desberdinak. Diruaren diktaduran, zu ere esklabo zara». Preso izateko beste moduak ere badiren adierazle idatzitako kantua. Anestesiakoek, berriz, “Erantzun” kantua hautatu dute eta «sinisten al duzu bake klase honetan?» galdetu digute. Zetakek, modu oso intimoan, “Nirekin topatu naiz” kantuaren moldaketa aurkeztu dute, Pello Reparazen ahotsarekin eta Leire Colomoren xilofono elektronikoarekin. «Busti-bustiak, oroitzapenak hemen baitzintudan. Busti-bustiak nigan». Barruan dagoenaren minaren zati bat ere izaten baita hori.

Atzetik Juantxo Arakamak dispertsioak eragiten duen kaltearen inguruko errima batzuk luzatu ditu eta, bukatzeko, Tomas Lizarazu eta Zaloa Urainek itxaropenari atea zabaldu diote Su Ta Garren “Gau iluna amaitu da”’ kantuaren moldaketa funky batekin. 30 urte pasa eta gero, mezuak gaurkotasuna izaten jarraitzen du. Eta jarraituko du etxean ez dauden bitartean. Gau iluna amaitu zain egon behar.

Hatortxukoek ere argi utzi dute azken mezuan. «Amaiera? Ezta pentsatu ere! Denak etxean izan arte hau ez da amaitzen!». Datorrena izan dadila azkena.