Eli Lamarka Iturbe
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea *
KOLABORAZIOA

EAEko hezkuntza sistema berriz planteatzeko garaia

Abenduaren 14an prentsaurrekoa eman genuen Donostian Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea osatzen dugun eragileok. Bi helburu zituen prentsaurrekoak: bata, Topagunea aurkeztea, eta bestea, segregazioa sortzen duen EAEko hezkuntza sistema birplanteatu beharra dagoela adieraztea.

Azken egunetan gure mezuak izan duen oihartzunaren eta interpretazioen harira, berriro diogu:

1. Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak Euskal Eskola Publikoaren aldeko aldarria egiten du, denona eta denontzat den eskola bakarra delako. Haren balioa azpimarratu, euskal gizarteak harekiko duen atxikimendua handitu eta hezkuntza sistemaren ardatzean jarri nahi dugu, zerbitzu publiko bakarra den neurrian. Euskararen murgiltze ereduan oinarrituriko sistema, doakoa, laikoa, inklusiboa, aniztasunean eta hezkidetzan konprometitua, berdintasunean eta kalitatean oinarritutakoa, jaiotzetik ikasle guztien hezkuntza integrala eta gizarte kohesioa bermatzen dituena, hain zuzen ere.

2. Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak EAEko hezkuntza sistema dual (publiko-pribatu) honek gizartean dagoen segregazioa erreproduzitu eta areagotu egiten duela salatzen du, sare publikoan kontzentratzen direlako nagusiki egoera sozioekonomiko baxuko ikasleak zein jatorri atzerritarrekoak. Segregazio hori joera pribatizatzailearen ondorio zuzena da.

3. Hezkuntza sistemaren pribatizazioaren aurka egin nahi dugu. Gaur egungo sistema dualaren antolakuntza eta funtzionamenduak dakarren segregazio latza eta haustura soziala gainditzeko, beharrezko planifikazio zein baliabideak aldarrikatu eta exijitzen dizkiogu Administrazioari.

4. Kohesioan oinarritutako eta pertsona guztiei aukera berberak eskainiko dizkien gizartea eraiki nahi dugunez, hezkuntza sisteman neurri eraginkorrak har daitezen eskatzen dugu. Besteak beste: publikoak ez diren ikastetxeek familiei kobratzen dizkieten kuota ekonomiko ilegalak debekatzea; ikasleen matrikula orekatua bermatzea; ikastetxe pribatuek publiko bihurtzeko marko legal iraunkorra izatea; gizarte kohesioa bermatuko duen planifikazioa egitea eta abar. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzari interpelazio zuzena egiten diogu, bera baita arduradun nagusia eta eraldaketarako ahalmena duen eragile ezinbestekoa.

* Topagunea osatzen duten kideak: Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeko, Astigarragako, Donostialdeko, Lasarte-Oriako plataformak, Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitatea, Ehige, Heize, Goieskola, Ikasle Sindikatua, Ikasle Ekintza, Gazte Komunistak, Ikasle Abertzaleak, Steilas, LAB, ELA eta CCOO.