Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Olatuak

Irailetik ez dela Zarautzera joan esan dit lankide batek. Bertan ditu sendia eta lagunak, baina denaren gainetik itsasoaren falta sumatzen du. Madrilen preso sartu zuten gazte hondarribiar baten aitak esandakoa oroitu dut. Penintsulan itsasotik urrunen dagoen puntuan espetxeratu zuten eta bere semeak itsasoaren beharra zuela aurrera egin ahal izateko. Kartzelara ez da kresal usainik iristen.

Hawak, berriz, ez du sekula itsasoa ikusi, baina badira bi hilabete olatuekin besterik ez duela amesgaiztorik; ito dira bere ametsak eta itxaropenak. Malitik orain urte eta erdi irten zen semea irentsi du itsasoak, sekula zapalduko ez duen itxaropenen usteko lurrera iritsi nahian. Itsasoak lapurtu dio dena, bai berari, bai sekula olatuekin jolastu ez den amari.

Bere edertasunaren neurriko errespetua zor diogu itsasoari. Lehen olatua beti izan ohi da jostagarri eta harengana axolagabetasunez hurbiltzeko joera dugu. Bigarrenak arrastaka eramaten gaitu. Eta hirugarrenak, berriz, ito egin gaitzake.

Itsasoak aukera berri bat eskaini digu, azkena agian. Hondartzara itzuli gaitu, hasierako puntura. Baina berriz ere hildakoak, berriz ere Madrilerako bidaiak, berriz ere espetxeak eta berriz ere langile kolpatuak. Eta ehunka gorpu, hilerri urperatuak betetzen. Azken aukera dugu, baina hirugarren olatuak ahul utzi gaitu.