Pello Zabala
Eguraldian aditua
AZKEN PUNTUA

Otsail estua

Zer moduz doa negua? Nork bere eskolan, ikasleku eta ikasgune propiotan, oso txikitan ikasitako kontuak daramatzagu, geure sukalde txokoan eguraldiaren martxaz jakindakoak. Eta zer esan baserriko sukaldean, edo mandioan, edo ganbarako lantxoetan, artaburuak aletzean eta beste, ikasi genituen hainbat kontu aberats eta denetariko haiengatik? Goizean edo eguerdian, giroaren sena usaintzerakoan, agudo aipatzen baitzen esaeratxoren baten xuxmurra, edo beti gertuan genituen txori, katu edo txakurren portaera xelebrexka haietakoren bat.

Izan ere, zetorkeen eguraldiaren traza animaliatxoen postura eta jokaera guztietatik ateratzen saiatzen ziren gure aitona-amonak. Auzoko baserritarren jakintza ere, eguraldiaren arrasto guztietatik jakin nahi zuten. Artzainak mendian luze egon eta ibiltzen zirenez, baserritarrekin harreman eta jakin-kontu gehiago partekatu ohi zuten eliz atarian igandetako meza-aurre eta ondorenetan; edo baita, kaleko taberna inguruan ere.

-Ikusi dituk antzarak? Udazkena aurrera, zerualdeko zainduenetako notiziak ziren antzaren soinuak eta zeinuak; batez ere, zeinuak: gezia luzean bezala, etendakoa edo bi pusketako lantzak ere dibujatu ohi dituzte eta. Hiru esaldi argitan bildu zuen eskola ederra gure artzainak: “Goraka antzarak, artzainak egun txarrak”; “Antzarak pasatu, negua etorri”; “Antzarak agertzen dienian, denporalie dator”.

Sentitu duzue aurten horien antzeko jokorik? Lasai zuek: otsail estuak, badu oraindik jolas egiteko trazarik, bere atzeko poltsikoan...