Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA
Interview
ENERITZ ZABALETA
ZUZENBIDE PUBLIKOKO DOKTOREA

«Alsaziak bere gain hartuko du mugaz gaindiko lotura, Euskal Herriak zergatik ez?»

Eneritz Zabaleta Zuzenbide Publikoko doktorea da. Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea (UPPA) du oinarrizko kanpamentu, nahiz eta Bordeleko eta Hego Euskal Herriko campusak ere zapaltzen dituen sarri. Alsaziako Elkargo Europarraren sorreraren ondorioak aztertu ditugu berarekin elkarrizketa honetan.

Bordele eta Iruñea arteko joan-etorriek utzi dioten momentua baliatu dugu Eneritz Zabaleta Zuzenbideko doktorearekin bideokonferentzia bidez Alsaziako Elkargo Europarraren sorrera eta, oro har, frantses Estatuan erakunde alorrean eman diren aldaketak aztertzeko.

Zeintzuk dira sortu berri den Alsaziako Elkargo Europarraren ezaugarri nagusiak?

Lehenik eta behin, bere balio sinbolikoarengatik, nabarmenduko nuke Alsaziak galdua zuen izena berreskuratu duela urte hasierarekin eratu den Alsaziako Elkargo Europarrari esker. Bigarren elementua da zer-nolako erakundea sortu den. Estatuak hautu bat egin du: ez du onartu korsikarrek duten estatus bereziko kolektibitatea sortzea Alsazian. Horren ordez, onartu du dagoeneko existitzen ziren bi departamenduak fusionatzea –Rhin Beherea eta Rhin Garaia–. Hala ere, elkargo horri aitortu dizkioten hainbat eskuduntza erakunde berriaren berezitasuna nabarmentzera datoz.

Euskal Elkargoa udal eta lurralde poloen gainean eraiki zen. Alsaziako Elkargo Europarraren zutabe nagusiak udalerriak (kantonamenduak) eta departamenduak izanik, horrek zer ondorio ditu?

Euskal Elkargoak herri mailako konpetentziak antolatu ditu, hala nola garraioa, ura, hondakinak, haurtzaindegiak eta bertze hainbat zerbitzuren kudeaketa bereganatuz. Alsazian departamenduaren eskumenak metatuko ditu kolektibitate berriak eta, ondorioz, gaitasun sozialak garatuko ditu gehienbat. Hemengo eta hango elkargoen abiapuntua, beraz, diferentea da. Ibilmoldeari dagokionez, Alsaziako erakundean kantonamendua da zutabea. Departamenduko bozetan erabiltzen den hauteskunde barrutian oinarritu dira.

80 hautetsi izanen ditu «gizon-emazte binomioa» errespetaturik osatu den Alsaziako Elkargoko kontseiluak. Lehen unetik paritatea onartu da.

Azkeneko hauteskunde kantonaletan bozketa araua aldatu zuten frantziar Estatuan eta geroztik pertsona bat hautatu beharrean bi hautagai zehaztu behar dira: gizon bat eta emazte bat. Beraz, Alsaziako 80 kantonamendu horietan –40 departamendu bakoitzeko– aldi oro emazte-gizon binomioa behar dute hautatu.

Berdintasunaren ikuspuntutik alsaziarrek aukera hobeak eskuratu dituzte. Alta, Euskal Elkargoan emazte hautetsi kopuru apala bada oraindik.

Hala da, baina jakin behar da Frantziak aldarrikatu zuen legeak zehazki kantonamenduen eremuan eta baita eskualdeetan ere ezarri zuela paritatearen araua; beraz, formalki, lurralde eremu horietan aplikatzen da. Euskal Elkargoan, berriz, herri hautetsiek eta gehienbat auzapezek dute ordezkaritza. Auzapeza bakarra da, eta Ipar Euskal Herrian gehienbat auzapez gizonak ditugu. Hor hutsunea bada.

Alsaziako Elkargo Europarrak, Euskal Herritik begiratuta, bereziki interesgarriak diren bi eskuduntza jorratuko ditu. Mugaz gaindiko harremanak sakontzeko ahalmena izango du, eta, hizkuntza alorrean, eskolan elebitasun eredua aitzineratzeko ahalmena.

Egoera berezia izan bada. Alsaziako Elkargo berria, juridikoki, departamendua da, baina, egiazki, departamenduek ez dituzten hainbat gaitasun izanen ditu. Are, zuk aipatu dituzun eskuduntza horiek aitzinera eramateko bere izaera europarra aldarrikatzen du Alsaziak.

Oreka batzuk izan dira, finean.

“Ekialde Handia” izeneko eskualdea sortu aitzin, Alsaziak bere historia kontuan izanik zentzu handia duen konpetentzia hori garatu zuen dagoeneko. Baina eskualde berriarekin hori nolabait galdu zen eta hori kolpe handia izan zen alsaziarrentzat.

Bere sorreratik, dela energiaren alorrean dela garraioarenean, mugaz gaindiko lankidetza bultzatzeko nahia agertu du erakunde berriak.

Ipar Euskal Herrian baino sakonagoa izan da lehenagotik ere mugaz gaindiko lankidetza Alsazian, bereziki herrialde germanikoekin. Bestalde, sinbologiaren aldetik, Europar Batasunaren egoitzetako bat Estrasburgon izateak nortasun hori indartzen du. Orain galera hori berreskuratzen da, neurri batean. Horrekin batera Alsaziak berak bakarrik garatuko du lan esparru hori. Lehen aipatzen zenuenez, hizkuntzaren aldetik ere, eskumen berezi batzuk eskuratu ditu erakunde berriak. Kolektibitate hau sortzeko legea Parisen negoziatu zenean murgiltze eredua Elkargoaren esku uztea eskatu zuten alsaziarrek. Estatuak ez zuen onartu. Berarentzat atxiki zuen, esaterako, hezkuntza sistemaren lanpostuen kudeaketa.

Alsaziako Elkargoak, hala ere, aukera du Hezkuntza Nazionalak eskaintzen dituen lanpostuez gain, lanpostu gehigarriak eskaintzeko, ezta?

Bai, baina hori bezain garrantzitsua da, ene ustez, lanpostu horiek sortzeko lan deialdietan Alsaziako Elkargo Europarrak elebitasuna irizpide gisa finkatu ahal izango duela.

Ipar Euskal Herrian, haurtzaindegietako lanpostuak betetzeko elebitasunaren printzipioa lan deialdietan bermatu nahi izan zuten hainbat herriko etxeri debekua heldu zitzaien. Alor horretan urrutirago joanen da Alsazia?

Ulertzearren, gurean Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) egiten duen lana egin ahalko du Elkargo berri horrek. Esaterako, hizkuntzaren ezagupena bultzatzeko promozio ekimenak garatu, Hezkuntza Nazionalarekin lanpostuak negoziatu… Alsaziarrek nahi zuten ezagupen aldetik aitortza azkarrago bat lortzea. Hori ez dute oraindik lortu, baina inportantea da elebitasun irizpide hori atxikitzea.

Alsaziako Elkargoa sortu bada ere, «Ekialde Handia» izeneko makroeskualde hori ez da desagertuko. Nola aurreikusten duzu bi erakunde horien arteko elkarbizitza?

Atzera begiratuz, Alsaziako estatusari buruzko debatea berpiztu zenean, Alsaziak bazuen bere izena zeraman eskualde bat, eta, horrez gain, bi departamendu horiek baziren. Garaian eskakizuna izan zen eremu horiek fusionatzea eta Alsazian erakunde bakarra sortzea. Proiektu horrek ez zuen aurrera egin, ordea. 2014ko legearen ondorioz, Alsaziak bere eskualdea galdu zuen, “Ekialde Handia” izeneko makroeskualde batean urtuz. Ikuspuntu horretatik, alsaziarrek ez dute eskatzen zuten guztia lortu. Bidea egiten segitu beharko dute.

Makroeskualdeak zalantzan jarriz Jean Castex frantziar lehen ministroak eginiko adierazpen batzuk baliatu dituzte berriki politikari alsaziarrek aspaldiko aldarrikapena berriz mahai gainean jartzeko.

Euskal Herrian bezala, ez dut uste alsaziarrek beraien helburuak alboratuko dituztenik. Orain badute erakunde bat, “Alsazia” izena daramana, beraz, tresna berria eskuratu dute eskakizun horri oihartzuna emateko.

Mapa begiratuta, Korsikan, Euskal Herrian, orain Alsazian, aldaketak eman dira. François Hollandek hauspotu zuen eskualdeen araberako deszentralizazio eskema ahultzen ari da Emmanuel Macronen agintaldian?

Zaila da jakitea zein den Macronen eskema. Bera boterera heldu zenean ez zuen konpromiso handirik hartu gai horri buruz. Izan ere, boterea partekatzeari begira «diferentziazio juridikoa» bultzatuko zuela jakitera eman zuen. Egia da eskualde erreforma bertan behera utzi gabe, tokian tokiko aldaketa horiek aintzat hartu dituela. Hala ere, hitzetatik harago, nire ustez konkrezio falta bada.

«Diferentziazio juridikoa» onartzeak bide egokia eskaini dezake frantziar Administraziopean diren errealitate eta nortasun ezberdinen garapenari begira?

Frantziako tradizio jakobinoaren ikuspegitik, biziki iraultzailea da printzipio hori, berdintasunaren izenean eredu uniformizatzailea eraiki dutelako frantsesek.

Korsikak abiapuntu eman zuen, baina sarri entzuten da uhartea izanik bere egoera ezin dela parekatu beste egoera batzuekin.

Korsika da «diferentziazio juridikoa» onartu zaion lehen lurraldea. Orain dagoen eztabaida da eredu horrek zer punturaino eragin dezakeen beste lurraldeetan: gurean, Alsazian, Bretainian... Finean, nortasun handiko eskualdeetan.

Zer norabide har dezake eztabaida horrek?

Estatuaren aldetik joera bat ager daiteke «diferentziazio» hori egiteko orduan. Gauzak diferente egiteko aukera ematea, bai, baina ez eredu berdina segituz toki guztietan. Uste dut hori dela buruan dutena, jakin badakite «diferentziazioa» eredu bezala onartuz gero, horrek eramango duela anbizio bat piztera. Horrek beldur batzuk sortzen ditu.

Euskal Elkargoak bere gaitasun eremua zabaltzeko xedez beste erakundeen konpetentziak eskuratzea aukera bat da, baina, horretarako, negoziazioa ezinbestekoa da.

Hori da aukera bat, baina, gobernantzari dagokionez, Euskal Elkargoak badu konpondu gabeko arazo bat: 233 kidez osaturiko batzarraren bidez eguneroko kudeaketa zaila da. Estatus bereziko elkargo bat izateak beste joko bat emanen zuen: benetako asanblea erabakitzailea sustatu, paritatea bermatu.. Ondorioz, sorrerako arazoak hor daude, eta, nire ustez, Alsazian bezala, bidea beharko da egin, eboluzio instituzionala ezinbestekoa izanen delako. «Diferentziazioak» atea zabalduko luke eskumen gehiago lortzeko, baina gobernantzaren erronkari erantzuteko estatus bereziko elkargoa behar da. Alsaziak lortu du bere kolektibitate hori frantziar lege batean sartzea. Frantziako Legebiltzarrak Alsaziako Legea onartu du. Zergatik ez lege bat Ipar Euskal Herriarentzat?

Euskal herritarrontzat, mugaz gaindiko elkarlanak Alsazian har dezakeen bultzada litzateke elementu garrantzitsuena?

Akitaniako eskualdeak garatzen du gurean mugaz gaindiko eskumena. Horretan, gainera, Alain Roussetek lidergo bat markatu duela errango nuke. Hala, Akitania-Euskadi-Nafarroa izan da eremu nagusia. Alta, “Alsaziako Legea” izeneko arau berri horrek dio ez dela baitezpada eskualdetik garatu behar mugaz gaindiko harremana. Alsazia ez da eskualdea izanen, juridikoki departamendu bat da, baina bere elkargo berri horrekin garatuko du eskuduntza hori. Zergatik ez planteatzea Euskal Elkargoak mugaz gaindiko eremu horretan protagonismo handiagoa eskuratzea, hala Euskal Herriaren baitan harreman hori landuz?

Mugaz gaindiko harremanak Euskal Herriratzeko aukera zabalduko luke alsaziar ereduak?

Markoa Baiona-Iruñea-Gasteiz hirukoan kokatzea litzateke xedea, edo bederen lidergoa eta anbizio nagusia hor ezartzea. Alsaziako Legeak aitortu du eskubide hori. Alsaziak berak garatuko du eskumen hori, bera da protagonista, ez Ekialde Handia eskualdea. Hemen zergatik ez?