Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Negu eroak

Euskal Herrian, otsaila da elur-egun gehien dituen hilabetea. Batez beste 6, zehatz izateko. Baina 2018a salbuetsita, 2012tik hona, ez dugu itxurazko otsail edo negurik izan. Zergatik ote da hau?

Zirkulazio zonalari dagokio erruaren zati handiena. Borraskek mendebaldetik ekialderako bidea egitean, Azoreetako antizikloiaren eraginez eta berak eskaintzen digun babesaren ondorioz, beraien ibilbide naturala egiten dute, gugana ipar-latitudeetako aire hotza sartzea ekidinez. Hori nahikoa ez eta blokeo egoera hori haustea asko kostatzen da, osagai askok etorri behar dutelako bat.

Zoritxarrez, zerbait puntuala izateko, urte asko dira jarraian joera bera errepikatuz. Batez besteko tenperaturaren igoerak ez du laguntzen honetan, Azoreetako antizikloiaren balizko indartze bat suposa dezakeelako, gugana benetako neguko eguraldia sartzea zailduz.

Hemendik aurrera izango dira elurteak eta negu bete-beteko tenperatura hotzak, baina joera nolakoa den ikusita, argi dago etorkizunean negu epel gehiago izango ditugula hotzak baino.

Otsailak epeletik jarraitzeko itxura dauka. Datozen egunetan Europa erdian kokatuko den presio altuko gune batek borraskak guregana gerturatzea ekidingo du. Iruditzen zait oraindik neguak ostikadaren bat emango digula, baina badirudi aurtengo honek onenak eman dituela eta udaberria ate-joka dela.